AKTUALITATEA


| 2023-05-24 14:35:00

Barakaldon euskara erakargarria izatea nahi du EH Bilduk. Hori azaldu du gaur goizean egindako agerraldi batean Itxaso Salas hautagaiak, eta euskara ikasi nahi duen edonork doako aukera izan behar duela adierazi du. Era berean, Barakaldon hizkuntza normalizazioa guztiz bermatuta ez dagoela begi bistan izanda, bere alderdiak udalgobernutik euskararen sustapena areagotzeko zenbait ekintza ipiniko dituela martxan azaldu du Salasek. Barakaldar guztion eskubide linguistikoak bermatu eta arautzeko, EH Bilduk gauzatuko lukeen lehenengo egitasmoa, Euskararen inguruko ordenantza aurrera ateratzea izango litzateke, “zoritxarrez, gaur-gaurkoz Barakaldon eskubide horiek sistematikoki urratzen direlako” Salasen hitzetan.

Euskaldun guztiei udal administrazioan euskaraz artatzeko eskubidea ziurtatzeko konpromiso argia ere hartu du EH Bilduk. Halaber, "Euskararen Mahaia" sortzea dutela helburu adierazi du hautagai subiranistak. Salasek argitu du Barakaldoko eragile guztiek parte-hartze zuzena izango dutela bertan “euskalduntze-planak antolatu eta diseinatzeko”.

Euskararen zentro Komunitarioa abian jartzeko konpromisoa

“Euskara bere alderdi guztietan sustatzeko” erreferentziazko eraikin baten proiektu komunitarioa abian jartzeko konpromisoa ere hartu du EH Bilduk. Itxaso Salasek azaldu duenez, Udalak zentro hori bultzatuko luke, udalerriko euskalgintzako eragileekin elkarlanean, eta eredua “Durangoko Plateruena edo Bilboko Kafe Antzokia izan daiteke, euskaldunentzat erreferiantzazko lekua bihurtuta, Bilborentzat izan zen bezala”. Era berean, Salasek gaineratu du zentroa ez litzatekeela aisialdira mugatuko, baizik eta proiektuak, kultura edo negozioak garatzeko ere baliatuko zela.