AKTUALITATEA


| 2019-12-13 13:48:00

Alderdi subiranistak bultzatutako mozioan, Barakaldoko Gobernu Taldeari eskatzen zaio lindanoz kutsatutako lurzoruen arazoa ikertzeko eta konpontzeko konpromisoa har dezala. Bigarren puntuan, mozioak eskatzen du ahalik eta lasterren "erakunde eta gizarte ekintzako mahai" bat eratzea. Bertan, udaleko talde politikoak, udal teknikariak eta udalerriko lindanoaren egoeran interesa duten elkarte eta mugimendu ekologistako ordezkariak egon beharko lirateke ordezkatuta.

Maria Solarrek gogorarazi du Barakaldo dela lindanoaren arazoak gehien erasandako udalerrietako bat, "Hura ekoizten zuen enpresetako bat gure udalerrian kokatuta zegoelako". Horrela, Modorretako zabortegien edo Tellituko zabortegi zaharraren arazoaz gain, Oiolako urtegiaren kutsadura, Castaños-Galindo ibaiko urak edota Zuloko-Ibarreta eta Ansioko bizitegi-lurzoruak nabarmendu ditu. Azkenik, Argalarioko Segurtasun Aretoaren kasua aipatu zuen, ia 20 urte geroago "iragankorra" izaten jarraitzen baitu, "eta talde ekologistek salatu dutenez, badirudi ez dela behar bezain estankoa".