Amaia del Campok adostasun politikoa bilatzen zuen eta jai batzordeek babestutako ekimenaren eztabaida bertan behera edo berandu izango denerako utzi izana deitoratu du Maria Solar EH Bilduko zinegotziak. Alderdi subiranistak auzoetako jai-batzordeen konpromisoa nabarmentzeko osoko bilkuraren akordioa bilatzen zuen ekimena erregistratu zuen, "jaiak antolatzeko eta udalerriko kohesio kulturalerako ezinbestekoak baitira". Era berean, jai-eredua eta batzordeen lana aitortzeaz gain, ekimen horrek proposatzen zuen jai batzordeek auzoetan kultura- eta jai-jarduerak finantzatzeko eta kudeatzeko partida ekonomiko bat izatea. Ohiko datan eta moduan ospatu ezin izan diren edo ospatu ezingo diren jaiak nolabait ordezkatzea izango litzateke jarduera alternatibo horien helburua.
EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, pandemiaren ondorioz jardueren muga logikoaz gain, jai batzordeek euren jarduera murriztua izan dute, "Udal Gobernua jai batzordeak jarduera alternatiboen antolakuntzatik eta kudeaketatik aldentzen ari delako". Solarrek salatu duenez, "EAJ eta PSE ez dira kontuan hartzen ari eragile horien iritzia, ezta parte-hartzea ere". Bozeramaile subiranistaren ustez, "Barakaldoko kulturgintza eta jai-jarduera dinamizatzeko eta errealitate berrira egokitzeko agenterik trebeenak " baztertzen ari da Udala.
Azkenik, Solarrek Barakaldoko auzoetako 13 jai batzordeen lana goraipatu nahi izan du, "herriekimen eta antolaketaren eredu dira, eta ekarpen handia egiten dute udalerriko kultur dinamikan".