AKTUALITATEA


| 2019-12-27 14:18:00

Atzoko osoko bilkurak agerian utzi zuen, EH Bilduren ustez, Barakaldoko ekimen politikoa ez dela udal gobernuarena, oposizioarena baizik. Nahiz eta gaur albistea Barakaldoko udalbatzak aho batez onartzen duela lurzoru kutsatuak berreskuratzeko ekimena izan, hau EH Bilduren iniziatibari esker bakarrik izan da posible María Solar bozeramailearen hitzetan, “bestela gai hau ez bailitzateke jorratuko”. Era berean, EH Bilduk erregistratutako eta lindane kutsaduraren arazoa konpontzeko tokiko ekintza mahaia lehenbailehen martxan jartzea eskatzen zuen mozioa zuzentzeko, EAJk eta PSEk testu berria aurkeztu zuten: "Ingurumena babesteko proposamen polit asko dituena, inork arbuiatu ezin dituen ideiekin", baina Solarren ustetan konpromisorik ez, eta aurrera eramateko eperik eta baliabiderik gabe.

Testu alternatibo hori aho batez onartu zen. Bozeramaile subiranistak adierazi duenez, EAJren eta PSEren jarrerarekin oso kritikoak izan arren, alde bozkatu zuten EH Bilduko zinegotziek, eta lanean arituko dela arazo hori ahaztua ez izateko. "Orain arte lindanoaren arazoa mugimendu ekologistaren lanari edo oposizioaren ekimenei esker soilik planteatzen baita". Solarrek adierazi duenez, bere alderdiak ez du ahazten atzokoan ingurugirorekiko hitz politak esan arren, EAJ eta PSE, Hegoaldeko Saihesbidea, Supersur edo hondakinen errausketaren defendatzaileak direla. "EAJ eta PSE benetan kezkatuta egongo balira lindanea den osasun arazoarekin, legez kanpoko zabortegiak deskontaminatzeko 300 mila eurotan handitzea eskatzen zuen gure aurrekontu-proposamenaren gaur bertan kontra bozkatu beharrean, alde agertuko lirateke. Edota ez lukete soilik aurrekontuaren %0,4 bideratuko ingurumenerako", kritikatu du Solarrek.

Bestalde, Iraide Kareagak azpimarratu du EH Bildu izan zela urtarrilaren 30eko greba dinamizatzeko Asanbladak atzo aurkeztutako mozioa babestu zuen indar politiko bakarra. Kolektibo horretan parte hartzen dute, besteak beste, sindikatu nagusiek, pentsiodunen mugimenduak, Ernai edo Harian bezalako gazteri-elkarteek, Iretargi edo Argitan bezalako talde feministek eta gizarte-bazterkeriaren aurkako beste batzuek, hala nola Berri Otxoak edo Agharasek. “Pentsio duinak eta bizitza duinak” lemapean, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1200 euroko gutxieneko soldata, soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakala deuseztea, eta lan eta pentsio erreformak indargabetzea aldarrikatzen dituen grebarako atxikimendua eskatzen zuen mozioak. Mozioa atzera bota zen EAJ, PSE eta PPren kontrako botoekin eta Elkarrekin Barakaldoko lau zinegotzietatik hiruren abstentzioarekin. Talde honek ez zuen hitzarterik egin bere bozkak azaltzeko. 

Azkenik, Kareagak kritikatu egin du EH Bilduk Osoko Bilkuran egindako galderari Emakumearen Sailaren partetik emandako erantzuna. Indar subiranistak galdetu zuen ea duela egun batzuk Barakaldon burututako sexu-esplotazioaren aurkako polizia-operazioaren berririk zuten, eta zer neurri zehatz hartuko ziren gai horretan. Zinegotzi subiranistak harridura agertu du Rakel Olalla arloko arduradunaren erantzunen aurrean, "Orokortasunak erantzun ditu, erantzun zehatza ematen saihestuz".