AKTUALITATEA


| 2025-10-30 11:35:00
  • Duela bost hilabete gaurko Osoko Bilkuran aztertu behar zen mozio baten bidez aurkeztutako ekimenak bere jatorrizko zentzuari erantzuten ez dion osoko zuzenketa bat jaso du.
  • Maria Solarren ustez, proposamena desitxuratu egin da, eta iragarri du alderdi subiranistak eta ezkertiarrak erretiratu egin duela gaurko Osoko Bilkuran aztertzekoa zen mozioa.
  • EAJk eta PSEk pertsonen bizitza hobetzeko politika egiteari uko egin ondoren, EH Bilduk ekimen eta konponbideak aurkezten jarraituko duela iragarri du.

                                                                 

Koldo Plazasek eta Maria Solarrek agerraldi publikoa egin dute gaur, Barakaldoko Osoko Bilkurako gai-zerrendatik duela hilabete batzuk aurkeztutako mozio bat kentzen dutela iragartzeko. Mozio horretan, etxebizitza-parke publikoa handitzeko proposamen zehatza egiten zen. Zinegotzi subiranista eta ezkertiarrek adierazi dute EAJk eta PSEk beren proposamena desitxuratu dutela osoko zuzenketa bat aurkeztuz, egungo bizitoki-larrialdiari inolako neurri zehatzekin erantzuten ez diona, jatorrizko mozioan eskatzen zen bezala.

Koldo Plazasek gogorarazi duenez, “Gure udalerrian dagoen bizitoki-larrialdi egoerari erantzuteko, maiatzean mozio bat aurkeztu genion Osoko Bilkurari, udal etxebizitzen parke publikoa handitzeko proposamen zehatz bat jasotzen zuena. Ondo ezagutzen dugu gure udalerriaren errealitatea: bizitoki-larrialdia egon badago eta eskura dauden baliabideak oso mugatuak dira. Gaur egun, txandakako alokairuko 16 etxebizitza baino ez daude, eta alokairu sozialeko 90, gehien behar dutenei arreta emateko”.

“Irtenbide bideragarriak daudela uste dugu – gaineratu du Plazasek- Horregatik, neurri erraz bat proposatu genuen, exekutagarria eta beste udalerri batzuetan jada funtzionatzen duena: dagoeneko eraikita dauden etxebizitzak erostea, udal parkean sartzeko eta herritarrei alokairu eskuragarria eskaintzeko ”.

Zinegotzi soberanista eta ezkertiarrak azaldu duenez, “hilabeteetako itxaronaldiaren ondoren, gure mozioa behin eta berriz atzeratu zen. Udan jakinarazi ziguten horretan lanean ari zirela, baina ez ziguten parte hartzeko edo adostasunerako espazioetara gonbidatu. Azkenik, behingoz urriko Osoko Bilkuraren gai-zerrendan sartuko zenean, EAJk eta PSEk osoko zuzenketa bat aurkeztu dute, gure proposamenaren zentzua erabat indargabetzen duena ”.

Bukatzeko, Koldo Plazasek adierazi duenez, “Badakigu ekimen honekin bakarrik ez dela konponduko etxebizitzaren arazoa gauetik goizera, baina uste dugu beharrezko neurria dela egoera lehengoratzen hasteko eta etxebizitzaren arloan aurrera egiteko”.

Bestalde, María Solarrek baloratu duenez, “Bizitoki-larrialdia benetakoa eta premiazkoa da, eta Udalak tresnak ditu jarduten hasteko. Hala ere, beste behin ere, borondate politiko falta nabaria da ”.

Solarrek iragarri duenez, “Gure mozioa erretiratzea erabaki dugu, Udal Gobernuak ez duelako etxebizitza-parke publikoa handitu nahi udal aurrekontuaren bidez. Gure proposamenari baiezko edo ezezko botoa eman ahal zioten, baina guk defendatzen genuenarekin zerikusirik ez duen kontraproposamen bat planteatzearen alde egin dute. Gobernu Taldeak ez du inolako berritasunik planteatzen, gaur egun egiten ari denaz harago ”. Eta azaldu duenez, “Gure mozioari eutsi izan bagenio aurrera aterako litzatekeenak ez luke inolako loturarik izango epe laburrean etxebizitza publikoen kopurua handitzeko benetako konpromisoarekin. Proposamen hutsa izango litzateke, logikatik kanpo, beste erakunde batzuetan bultzatzen ari denaren aurka eta, praktikan, gure herriaren benetako beharrei bizkarra emango lieke. Koherentziatik eta erantzukizunetik egiten dugu: etxebizitza-arazoak seriotasunez eta benetako borondate politikoarekin tratatzea merezi dutela uste dugulako, ez adabaki edo keinu hutsekin ”.

EH Bilduk Barakaldon duen bozeramaileak adierazi duenez, “Barakaldoko etxebizitzaren arazoak aparteko neurriak eta herritarrekiko benetako konpromisoa eskatzen ditu, ez adierazpen hutsak, ezta galeriari begirako ekintzak ere. Larria da Gobernu Taldeak bizitoki-larrialdia onartzea, baina horri aurre egiteko borondaterik ez agertzea. Ez dago epe ertain edo luzerako ikuspegirik. Beraz, EAJk eta PSEk berriro uko egiten diote barakaldarren bizitza hobetzeko politika egiteari ”. Amaitzeko, esan du “gure bidea, ordea, proaktiboa izango dela etxebizitzaren arloan. Proposamenak eta irtenbideak aurkezten jarraituko dugu ”.