Udalak Euskadiko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2015 Legeak Barakaldori ezarritako betebeharrak betetzeko finantzaketa nahikoa berma dezala eskatzeko ekimena erregistratu du EH Bilduk gaurko osoko bilkurarako. EH Bilduk gogorazi du “Gauzatu" programari esker, Eusko Jaurlaritzak 100 milioi euro jarriko dituela udalen esku, besteak beste, udalei diru-laguntzak emateko Euskadiko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2015 Legeak ezarritako plan energetikoei dagokiena bete dezaten.
Maria Solar bozeramaile subiranistak aipatu bezala, datorren hamarkadan udalek egingo dituzten jasangarritasun proiektuak eta politikak erabakigarriak izango dira ingurumena babesteko eta klima aldaketaren aurkako borrokan. Horregatik “gure udalerrian jasangarritasun-politika sendoak garatu ahal izateko" aukera hau ez galtzea eskatu du María Solarrek, are gehiago COVID-19 pandemiak udalen finantzaketa nabarmen murriztu duenean.
Besteak beste, udalek energia-errendimendu handiko produktuak, zerbitzuak eta eraikinak erosi beharko dituztela; eraikin publiko guztiek energia-ziurtagiria izan beharko dutela; eta udalek Hiri Mugikortasuneko Plan bat izan beharko dutela gogora ekarri du zinegotzi subiranistak.