Gaur egin da legegintzaldi honetako Barakaldoko Udalaren lehen osoko bilkura. Hori izan da EH Bilduk eztabaidarako puntuen aurrean hartu duen jarrera. Jarraian aurkezten da Barakaldoko EH Bilduk eztabaidatu diren puntuetan izan duen jarrera.
Etxeko Laguntza Zerbitzua kontratatzeko espedientea.
Gaur onartu da Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (ELZ) azpikontratatzeko baldintzen agiria. Gure abstentzioarekin, profesionalen baldintzen hobekuntza defendatu dugu eztabaidan, eta zerbitzu honen publifikazioaren beharra azpimarratu dugu. EAJk eta PSEk defendatzen duten pribatizazio ereduaren aurka.
EH Bilduk kalitatezko prestazio publikoen alde egiten du. Horregatik, langileen lan- eta gizarte-baldintzak hobetzea defendatzen dugu, baita zerbitzu hauen hobekuntza ere.
Emakumeentzako aterpea eta kaleko hezitzaileen programa abian jartzeko finantzaketa-eskaera
Elkarrekin Barakaldo Podemos/Ezker Anitza-IU/Alianza Verdek proposatuta, emakumeen aterpe-zerbitzuak eta kaleko hezitzaileen programa abian jartzeko kreditu gehigarri bat sartzea luzatzen zuen eskaera eztabaidatu da. Zerbitzu horiek martxan jartzearekin ados gaudenez, gure ustez egonkortasuna eman behar zaie hartzen diren neurriei. Barakaldon arlo horretara bideratutako baliabideak etengabe hondatzen eta eraisten ari direla salatu dugu. Gaurko osoko bilkuran, halako zerbitzuen itxieraren aurrean bestelako proposamenik ez egotea salatu dugu.
Proiektu eta ekimen egonkor eta estrukturalen faltak kezkatzen gaitu. Egiaztatu dugu ez dagoela erantzun integral, koordinatu, planifikatu bat emateko eta nahikoa aurrekontu duen mekanismorik. Horregatik, gizarte-bazterkeriaren aurkako toki-plan baten beharra azpimarratu dugu, udalaz gaindiko beste plan batzuekin koordinatuta, eta etxebizitza-,osasun-,enplegu-,gizarte-babes-, berdintasun-… politikekin bat egingo duena.
Kaleratzerik Ez eragilearen mozioa, Barakaldo etxebizitza arloan tentsio handiko eremu izendatzeko
Kaleratzerik Ez plataformaren ekimenez, Barakaldo etxebizitza eremuan tentsio handiko eremu izendatzeko beharraz eztabaidatu da gaurko saioan, alokairuen prezioak mugatzeko.
Talde horrek aurkeztutako idatzia osorik zuzendu dute EAJk eta PSEk, bi alderdi horiek osoriko emendakina aurkeztuz. Zuzenketa horrek, proposatutako mugimendu sozialari protagonismoa lapurtzeaz gain, ez du proposamen berritzailerik ekarri, eta EAJk beste herri batzuetan (Portugaleten, Eibarren edo Donostian) izandako jokabidearen aurka doa.
Estatuko Etxebizitza Legean ezartzen den tresna hori praktikan jartzeko beharra berretsi dugu. Gure ustez, udal honen etxebizitza-politikak ez dira nahikoak, argi eta garbi. Horregatik, ekimen berri, ausartago eta ezberdinen alde egiteko unea da.
Barakaldo Naturala elkartearen mozioa, Iparaixe II proiektu eolikoaren aurretiazko administrazio-baimena ez onartzea eskatzeko
Gure herriaren jasangarritasuna bermatuko duten energía berriztagarrien eta trantsizio ekosozialaren alde gaude, betiere bizitzak erdigunean jarriz. Energia eolikoa energia berriztagarri indartsua dela eta inplementatu behar dela ulertzen dugu, baina ez gatoz bat Barakaldoko Birika Berdean ezartzera datorren Iparaixe II proiektuarekin.
Trantsizio ekosoziala modu koherente eta eraginkorrean egin behar dela uste dugu, gure herriko biodibertsitatea arriskuan jarri gabe eta ingurumen-inpaktuak minimizatzeko azterketak, irizpideak eta plangintzak eginez. Horregatik, Barakaldo Naturala plataformak aurkeztutako mozioaren alde agertu gara.