EH Bilduk agerraldia egin du gaur goizean, eta Koldo Plazas udalerako hautagaiak hezkuntza arloko proposamenak azaldu ditu. Indar subiranistak uste du hezkuntza ez dela eskolaren eta familiaren erantzukizuna soilik, horregatik herri hezitzailea sistema eraikitzea proposatzen du. Ekimen honekin, EH Bilduk hezkuntza hurbila, kalitatezkoa eta parte hartzailea bermatuko du eta hainbat proposamen aurrera eramango ditu: eskola bide seguruak sustatu, Barakaldoko curriculum propioa bultzatu edo ekipamenduen mantentze egokia besteak beste.
Bestalde, Plazasek bere hautagaitzak Barakaldon Udal Eskola Kontseilua sortzeko duen konpromisoa berretsi du. Hezkuntza eragile guztiak bilduz herriko erralitate anitzak bateratzen duena eta eskola mapa antolatzen lagunduko duena.
Halaber, euskara hezkuntza sistemaren ardatza dela aintzat hartuta, Plazasen esanetan, EH Bilduk "ikasleentzako udal-jarduera eskaintza guztia euskaraz, inklusiboa eta ez-sexista" izango dela bermatuko du.
Era berean, Plazasek azaldu du bere taldeak Ansio-Ibarretan bigarren hezkuntzako ikastetxe bat irekitzeko konpromisoa hartzen duela, bigarren hezkuntzako ikastetxerik ez dagoen Barakaldoko eremuetako bat baita. Azkenik, hezkuntza eskaintzari dagokionez, EH Bilduk Batxilergoa ikastetxe bakar batean biltzea proposatzen du, auzoetako institutuak derrigorrezko hezkuntzarako mantenduz.