AKTUALITATEA


| 2026-01-23 12:29:00

1. SARRERA

HAPOren berrikuspen prozesua hasita dago jada. HAPO (Hiri Antolamendurako Plan Orokorra) udalerri batean lurzorua nola egituratu eta erabiliko den antolatzen duen dokumentua da (bizitokietarako, jarduera ekonomikorako, berdeguneetarako, etab.). Herritarren bizitzari zuzenean eragiten dio, izan ere, non eraiki daitekeen, zer zerbitzu egongo diren eta hiria nola haziko den arautzen baitu. HAPO funtsezko tresna da udalerrian eskubidea, gizarte-ekitatea, justizia soziala eta ingurumen-jasangarritasuna bermatzeko. Ez da izapide tekniko bat, lehen mailako tresna bat baizik, etorkizuneko Barakaldo marrazten hasteko funtsezkoa elementua.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko prozesua aukera estrategiko ezin-hobea da datozen hamarkadetarako eraiki nahi dugun hiri-ereduari buruz modu kolektiboan hausnartzeko. Funtsezkotzat jotzen dugu indar politiko, gizarte-eragile, erakunde eta herritar guztiek beren ikuspegiak eta proposamenak eman ahal izatea prozesu osoan zehar. Horrela, eztabaida zabal eta plurala sortuko da, non alde guztiak ondo informatuta egongo diren, azken emaitza aberasteko.

Testuinguru honetan, dokumentu honen helburua, hasita dagoen prozesu honetan EH Bilduk duen ikuspegia orokorra azaltzea da eta, gure ustez, ze arlotan arreta jarri behar den zehaztea. AVANCE dokumentuari egindako sugerentzia edo ekarpen gisa aurkezten dugu. Fase hau prozesu luze honen abiagunetzat ulertuta, horregatik HAPOren berrikuspen prozesu osoan zehar alderdi politiko gisa parte hartze aktiboa izateko prestutasuna adierazi nahi dugu.

Hasierako ekarpen honekin, begirada eraikitzaile bat eskaini nahi dugu. Ikuspegi honek plangintza hiri-eredu jasangarriago, inklusiboago eta gizarte, ekonomia eta ingurumen arloko erronkekin koherenteago baterantz bideratzen lagunduko duelakoan gaude. Gure ustez, hirigintza-plangintza funtsezko tresna da herritarren egungo eta etorkizuneko ongizatea bermatzeko.

 

2. BISIO OROKORRA

Hiri Antolamendurako Plan orokorrak hiri bizigarriago eta justuagoa eraikitzeko tresna moduan ulertzen dugu. Genero ikuspegia bere baitan duen eta jasangarritasun printzipioetan oinarrituta dagoen hiria nahi dugu. Pertsonena eta pertsonentzat antolatzen dena, ez merkatuaren eta onura ekonomikora zuzenduta.

Hirigintza antolamendua ez da gai neutro bat, lehentasun politikoak islatzen ditu eta eraldaketarako tresna da. Horregatik, EH Bilduk datozen etapetan modu arduratsu eta etengabean laguntzeko konpromisoa hartu dugu. Barakaldo nola hazi eta eraldatuko den definitzeko momentua da, egungo erronkei modu koherentean aurre egitea ahalbidetzeko urrats garrantzitsua, alegia. 

Barakaldok HAPO berri bat behar du, natura eta kultura ondarea babestuko duena, gizarte kohesioa eta auzo guztietan kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko duena eta etxebizitza-eskubidea posible bihurtuko duena. 

Gure ustez, HAPOk ikuspegi soziala duen hiri-eredua sustatu behar du. Barakaldok, bere hirigunean, biztanle-dentsitate handia dauka. Horregatik, garrantzitsua da espazio publiko irisgarriak eta ondo konektatutako berdeguneak sustatzea. Ondo konektatuta dagoen hiria izan behar da, mugikortasun jasangarria lehenetsiko duena eta garraio publikoko sistema eraginkorra izango duena.

Barakaldok gaur egun daraman bidea populazioaren hazkunde esanguratsu baterantz doa. Baina hori al da barakaldar guztiek nahi dutena? Gure ustez hau udalerrian egin behar den eztabaidetako bat da. Honekin ez dugu posizionamendu zehatz bat ezarri nahi, baizik eta eztabaida hori espazio politiko eta sozialetan eman dadila. Debaterako eta ideiak partekatzeko momentua da.

Bestalde, uste dugu lehentasuna eman behar zaiola egungo hiri-sarea birgaitzeari, kontrolik gabeko hedapenari baino. Barakaldon hainbat eremu degradazio-arriskuan daude eta horiek ere esku-hartzea behar dute. Alferrikakoa da hirigune berrien eraikuntza sustatzea, lehendik daudenak behar bezala zaindu eta optimizatzen ez badira. 

Gure ustez, plangintza-erabaki guztiak antolaketa demokratiko eta garden baten bidez hartu behar dira eta egungo erronkei aurre egiteko gai izan behar dute. Ildo horretan, plangintza hori egungo errealitateari dagozkion etengabeko aldaketetara eta dagoen ziurgabetasun egoera nabarmenari egokitu behar da. Era berean, funtsezko iruditzen zaigu justizia sozialaren printzipioetan oinarritzea, lurraldeen arteko desberdintasunak murrizteko eta tokiko ekonomiaren garapena sustatzeko.

Laburbilduz, bizitzeko hiri bat nahi dugu, hiri zaintzaile bat, inklusioan eta errespetuan oinarrituta. Demokratikoki planifikatuta dagoen udalerri bat berdintasuna, jasangarritasuna eta ongizate kolektiboa bermatzen duena.

 

3. ARDATZ NAGUSIAK

Gure proposamena garatzeko hainbat gaiei garrantzia eman behar diogu eta ikuspegi komun batekin aztertu. Hau da HAPOz edo hirigintzaz mintzatzen garen bakoitzean “betaurreko” berezi batzuekin begiratu behar diogu. Hauek dira lehenetsi behar ditugun ardatzak. Gai hauek bata besteari zeharka eragiten dio, beraz ikuspegi orokor batetik aztertu behar dugu.

  • Genero ikuspegia. HAPO garatzean genero-eragina kontuan izatea funtsezkoa da pertsona guztientzat egokituta dagoen hiri inklusiboagoa imajinatzeko: Espazioaren erabilera (mugikortasuna, zaintza, ordutegiak...), irisgarritasuna, ekipamendu eta zerbitzuak modu orekatuan banatuta egotea... genero-ikuspegiarekin planifikatzean gizartearen behar espezifikoak kontuan hartzen dira eta hiri ingurumenaren erabileran desberdintasunak sortzea saihesten du.
  • Irisgarritasuna. Hiri antolamenduan kontuan hartzeko ezinbesteko elementua da. Izan ere,  Barakaldoko hiri-diseinua pertsona guztien beharrizanei erantzuten diola bermatzeko modua da. Plangintza egitean irisgarritasun-irizpideak kontuan hartzeak espazio publiko azpiegitura eta zerbitzu seguruago eta inklusiboagoak sortzea ahalbidetzen du. Horrela, aukera-berdintasunaren alde egin eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko aurrerapasuak emango dira. Gainera, hiri-garapen iraunkor eta kohesionatua lortzen laguntzen du, inor ez dadin hiri-ingurunearen erabilera osotik kanpo geratu.
  • Jasangarritasuna. Klima-aldaketa arintzeko neurriak hartzea premiazkoa da (hiri-zuhaitzak, “bero-uharteak” desagerraraztea, benetako babesleku klimatikoak, gune berdeak auzo guztietan...). Uholde-arriskuari ere arreta jarri behar zaio, bai garapen berrietan bai dagoeneko eraikita dauden zonaldetan.
  • Natura eta landa eremuak. Gure ustez gune naturalak babestea eta degradatutako inguruneak birgaitzea da bidea. Landa guneen hirigintza-babesa; lehen sektoreak Barakaldon duen eragina eta potentziala aztertzea eta baloratzea eta baso kudeaketari arreta jartzea dira mahai gainean dauden eztabaidagai nagusienetako batzuk eta hausnarketa merezi dute.
  • Etxebizitza. Bizitoki larrialdiari erantzuna eman behar zaio, baina erantzun hori ezin da eraikuntzan soilik oinarritu, ezta hirigintza-proiektu berrietan ere. Dagoeneko urbanizatuta dagoen horretan jarri behar dugu arreta, bizi-kalitate handiko hiri bat garatu behar dugu ongizatea eta gizarteratzea bilatuko duena. Udalerrian dagoen etxebizitza-huts kopurua handiari irteera ematea esate baterako.

Aurreikusita dauden hirigintza-proiektuei dagokionez, gure ustez instituzioek bermatu behar dute eraikitzen den etxebizitzaren parte handi bat etxebizitza parke publikora bideratuta egotea, Alokairurako edo/eta erosketarako etxebizitza publikora bideratuz. Horrela, etxebizitza publiko eskuragarria ziurtatuko da hirigintza-proiektu berrietan.

  • Jarduera ekonomikoa. Hurbileko merkataritza txikia suspertzeko eta lonjei balioa emateko ekimen traktoreak eta abian dauden hirigintza-proiektu berriak kontuan hartuta planifikatzea. Gure udalerrian bere osotasunean, ze motatako jarduera ekonomikoa nahi dugun, eta hau nola banatu nahi dugunaren inguruan eztabaidatzea eta hausnartzea dagokigu orain.
  • Zerbitzu publikoak. Auzo guztietan bizi kalitatea bermatzeko zerbitzu publikoak kontuan hartzea eta ezinbestekoa da (osasuna, hezkuntza, kultura, kirola…). Behar bezala planifikatu behar da, desorekak eta gaizki hornitutako eremuak saihesteko, herritar orok baliabideetara sarbidea izan dezan bermatzeko. Udalerriko hedapen-eremuak ere kontuan hartu behar dira, auzo batzuk hazten ari dira (Lutxana, Desertu…) eta plangintzan kontuan hartu behar dira. Zerbitzu publiko egokiak aurreikusten dituen HAPOk, hiri-eredu orekatua, funtzionala eta iraunkorra bermatuko du epe luzera.
  • Ondare historikoa eta kulturala. Ondare historiko eta kulturala zaintzea funtsezkoa da HAPO egiteko, hiriaren kultura-nortasuna eta memoria kolektiboa babestea ahalbidetzen baitu. Ondare arkitektoniko eta arkeologiko aberatsa du Barakaldok. AVANCE dokumentuko IV.8 atalean jasotako elementuei behar bezalako arreta eta babesa eman behar zaie, beste batzuk gehitzeko aukera alde batera utzi gabe. Identifikatuta eta katalogatuta dagoen ondareaz ari gara, eta ondare horren babes-araubidea errespetatu egin behar da. Horretarako, behar bezala planifikatzea ezinbestekoa da. Modu honetan inguruneko eraldaketek elementu horiek errespetatu, zaindu eta babestuko dituztela bermatzea helburu duten erabakiak eta jarduerak adostu beharko dira. Ondarearen kontserbazioak hiri-ingurunea aberasteaz gain, kultura-jarduera ere bultzatzen du, komunitatearentzat onura sozial eta ekonomikoak sortuz.

 

4 AUZOEN BEHARRIZANAK

Lehen azaldu dugun bezala, gure ikuspuntutik, funtsezkoa da HAPOren berrikuspenarekin lotutako erabaki guztiak talde politikoen eta herritarren arteko adostasunaren bidez hartzea. Auzo bakoitzaren beharrak, bertan bizi direnekin batera definitu behar dira, auzokideak, eta elkarteak, alegia. Horrela bakarrik eraiki ahal izango da udalerriko gizarte-errealitatera egokitua plangintza sendo eta errealista bat.

HAPOren berrikuspenak, besteak beste, Kadaguako ibai-ingurunean jartzen du fokua. Eremu horretan premiazkoa da neurriak eta erabakiak hartzea. Erabaki horiek modu integralean hartu behar dira, ikuspegi globalarekin eta epe luzerako ikuspegiarekin, lehen aipatutako alderdiak kontuan hartuta: ingurumena, etxebizitza, irisgarritasuna, zerbitzu publikoak, ondare historikoa... Hori guztia auzotarren ahotsa bermatuko duen partaidetza-prozesu baten bidez antolatuta.

Gure ikuspuntutik, neurriak eta erabakiak hartzerako orduan kontuan izan behar da ingurunearen birsortze globala eta suspertze sozioekonomikoa oinarri hartzen duen premisa. Horrek eraberritze eta birgaitze plan integralak eskatzen ditu.

Era berean, garrantzitsua da etxebizitzak eta natura- eta hiri-ingurune jakin batzuk finkatzeari eta mantentzeari buruzko erabakiak hartzea. Horrek esan nahi du arreta berezia jarri behar dela honako elementu hauetan: landa-guneak, etxebizitza sakabanatuak eta gaur egun indarrean dagoen HAPOarekin bat ez datozen eremuak. Plangintza berrira egokitzeko neurriak zehaztu beharko dira. Horrela, egoera horrek eragin ditzakeen ondorio negatiboak saihestuko dira, besteak beste: mantentze-lanak edo eraberritzeak egiteko zailtasunak, baimenak lortzea, maileguak edo laguntza ekonomikoak eskuratzea.

Beste alderdi garrantzitsu bat eraikuntza berriak beharrezkoak diren ala ez zehaztea da. Horretarako, inguruaren ikuspegi globala, azterketa sakona eta epe luzerako begirada behar dira. Betiere auzotarren, elkarte-sarearen eta ordezkaritza politikoaren iritzia txertatuz. Ikuspegi horretatik bakarrik zehaztu ahal izango da argi eta garbi zer jarduketa dagozkion udalerriaren zati horri.

Era berean, garrantzitsua iruditzen zaigu bizitegi-inguruneak berrurbanizatzea eta hirigunearekiko loturak hobetzeko bidean aurrerapausoak egitea. Prozesu horrekin batera, mugikortasunaren, garraio publikoaren eta mugikortasun iraunkorraren arloko neurriak hartu behar dira, alderdi horiek nahitaez txertatuz HAPO berriaren prestaketan.

Halaber, iraganean jarduera ekonomikoekin (batez ere industrialekin) lotuta egon ziren ingurunetan zer egin erabaki beharko da. Baloratu egin beharko da ea beharrezkoa den eremu horietan ekonomia suspertze planak egitea, industrialdeak eraberritzea edo espazioen ingurumena berreskuratzea. Erakarri nahi den jarduera ekonomikoaz ere hausnartu beharko da. Eztabaida hori esparru politikoan eta sozialean gertatu behar da: herritarrak ordezkatzen ditugun alderdiekin, bizilagunekin, elkarteekin eta ehun ekonomikoarekin batera.

Bestalde, ezinbestekoa da arreta berezia jartzea Barakaldoko ibai-inguruneetan (Kadagua, Castaños, Nerbioi itsasadarra...). Udalerria hainbat ibai-korrontek mugatzen dute. Urteetan zehar, herritarrok ibaie bizkarra emanda bizi gara, bai iragan industrialagatik eta bertatik eratorritako ingurumen-afekzioengatik, bai ingurune natural horietatik kanpo eboluzionatu duen hirigintza-garapeneko eredu batengatik.

Ibai-ingurune horiek, iraunkortasunaren eta ingurumen-babesaren ikuspegitik berreskuratu eta balioetsi egin behar dira. Badakigu tarte batzuk urpean geratzeko arriskuan daudela. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu uholde-arrisku horiek behar bezala kudeatu ahal izateko aurreikuspenak egitea eta ondo planifikatutako neurriak hartzea. Ibaia eta auzo mugakideen bizitza bateragarria bermatzeko hauen arteko harreman orekatua bultzatzeko.

Bizikidetza hori sustatzeko bide bat ibai-ertzak berreskuratzea eta egokitzea da, ertzetan espazio libre, publiko eta berdeak sortuz. Hiritarrak ibaira hurbiltzeaz gain, ikuspegi horrek ingurumena hobetzen laguntzen du. Gainera, uholde-arriskuak arintzeko neurri eraginkorra da, ibilgutik hurbilen dauden zonetan gehiegizko eraikuntza-okupazioa saihestuz.

Garrantzitsua da adieraztea hainbat hirigintza-ekimen eta -proiektu judizializatuta edo alegazio-fasean daudela gaur egun. Egoera horiek kontuan hartu behar dira HAPO berria egiterako orduan.

Azkenik, eraberritze eta birgaitze prozesuez ari garenean, fronte ireki ugari aurkitzen ditugu. Bakoitzak esku hartzeko aukera desberdinak ditu, eta konplexutasun administratibo anitzak. Jada abian dauden prozedurak eta proiektuak existitzen dira, eta beste batzuetan epe labur eta ertainean jardueraren bat egitea aurreikusita dago. Elementu horien bilakaerak eragin zuzena izan dezake etorkizuneko hiri-plangintzan. Horregatik, funtsezkoa da haiei arreta egokia ematea, ez bakarrik lurralde-eredu berriaren koherentzia bermatzeko, baita hartutako erabakiak dagoeneko hasita dauden prozesuekin modu eraginkorrean eta errespetuz integratzen direla ziurtatzeko ere.