EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die EAJren eta PSEren gobernu taldeak 2022rako aurkeztutako aurrekontuei. Alderdi subiranistak gogorarazi du aurreko ekitaldiko aurrekontuak 4 milioi euro baino gehiagoko murrizketa zekarrela, noiz eta krisi pandemikoaren egoera berezian. Aurten aurrekontua % 8 igo bada ere, igoera hau ez da proportzionala Udal Sailetan. Horrela, EH Bildurentzat susperraldia sustatzeko gehien indartu beharko lirateken sailak ez dira behar bezala indartzen, eta portzentualki aztertuz gero jaitsi egiten dira. Alkatetza Saila puntu bat baino gehiago eta Hirigintza Saila puntu erdi baino gehiago igo diren bitartean, Garapen Iraunkorraren Saila, Emakume Saila edo Hezkuntza eta Euskara Saila portzentualki jaitsi dira 2021eko aurrekontuarekin alderatuta. Enplegu, Kohesio Soziala eta Aniztasunaren Sailarako portzentaia ere jaitsiko litzateke, USOA baliabide propio bihurtzeko aparteko diru-sarrera kontuan hartzen ez bada.
EH Bilduren ustetan susperraldirako tresna izan beharko luke udal aurrekontuak. Eta horretarako, asmo handiko aurrekontu-partidak aurreikusi beharko lirateke, besteak beste, enplegua sortzera, zerbitzu publikoak indartzera, larrialdi klimatikoari aurre egitera edo ezkutu soziala areagotzera bideratuak. Euskalduntzean aurrera egitea eta berdintasunaren aldeko apustu garbia egiteko tresna ere izan beharko luke aurrekontuak, emakumeak ez daitezen izan berriro ere krisiaren kalteturik handienak.
Alderdi subiranistak azpimarratu du “asmo handiko aurrekontu hori” beharrezkoa dela batez ere krisiak gehien kaltetu dituen sektoreei eta egoera ahulenean dauden pertsonei laguntzeko. María Solar bozeramaile subiranistak adierazi duenez, egungo testuinguru sozioekonomiko zail honetan, ahaleginak areagotu egin beharko ziren gizarte arloko udal sailetan. Eta Amaia del Camporen gobernuak etengabe errepikatzen duena horixe bera den arren, “aurrekontu honetako zenbakien eta proiektuen analisiak, guztiz kontrakoa erakusten du”. EH Bilduk kritikatu du halaber, kontrasterik gabe, negoziaziorik gabe, gainerako taldeen ekarpenak jasotzeko asmorik gabe, ezta herritarren parte-hartze prozesurik gabe ere aurkeztu dituela aurrekontuak udal gobernuak.
Ez da gainbalioagatiko diru-sarrerarik aurreikusten
Baina gai ideologikoez edo hiri ereduaren ezberdintasunez gain, EH Bilduk argudiatu du ezin duela legez kontrako den aurrekontua babestu. Izan ere, koalizioak adierazi duenez, aurrekontuak ez du aurreikusitako egon beharko luketen hainbat diru-sarrera; gastu finkoak agerian uzten dituela, eta diru-laguntzen legea urratzen duela. “Badakigu 900 mila euro gastatuko direla Eretza eta Usoa udal sozietateen artean, eta gastu horiek agerian geratzen dira, ez baitaude aurreikusita”. Era berean, bozeramaile subiranistak gaineratu du ez dela gainbalioagatiko zerga diru-sarreratzat hartzen, nahiz eta Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko ezarri duen zein izango den udalerri guztiek zerga hori biltzeko formula. Horri dagokionez, EH Bilduk eskaera bat erregistratu du kontzeptu horren bidez udal-kutxan edozein diru-sarrera bideratzea zuzenean Gizarte Ekintza Sailera edo beharrak dituzten familientzako zuzeneko laguntzen kontzeptura, “une honetan gehiago indartu behar den udal saila delako”.
Azkenik, EH Bilduk ohartarazi du ez dela aurreikusten diru-laguntzak emateko norgehiagokako prozedurarik, legeak horrela behartzen duen arren, eta aurreikusita daudela ehun diru-laguntza izendun baino gehiago, guztira 600 mila euro baino gehiago batzen dutenak.