AKTUALITATEA


| 2019-12-19 08:34:00

Merkataritza txikiak bizi duen "egoera kritikoagatik" kezka azaldu zuen atzo EH Bilduk Gurutzetan egindako agerraldi batean. Merkatalgune handien eta merkataritza elektronikoaren ugaritze indiskriminatuak suposatzen diren mehatxuez gain, egoera horren erantzuleak dira, halaber, EAJ eta PSOEren gobernuek azkenaldian aurrera eraman dituzten "politika publiko okerrak".
Maria Solar Barakaldoko zinegotziak iragarri duenez, bere taldeak elkarrizketa batzuk abiatuko ditu Barakaldoko hainbat eragile sozialarekin eta merkatarien eta ostalarien elkarterekin, bere taldeak merkataritza txikia babesteko eta sustatzeko dituen proposamenak elkartrukatzeko. Izan ere, "merkataritza txikia ez da soilik jarduera ekonomikoa: gure kaleak animatzen ditu, eta bizia eta segurtasuna ematen die" baieztatu du zinegotziak. Zentzu horretan, Solarrek azaldu du bere udal taldeak ostalaritzako eta merkataritzako profesionalentzako urteroko TAO txartel berezia sortzea proposatu duela. Zinegotzi subiranistaren hitzetan, "neurri horrek aurrezpen ekonomikoa ekarriko luke udalerrian bizi ez diren eta beren negozioaren logistika- edo ordutegi-beharrak direla-eta, ibilgailu pribatua erabiltzera behartuta dauden profesionalentzat".
Iker Casanovak, bere aldetik, azaldu du EH Bilduk hirietako periferian merkatalgune erraldoi berrien ezarpena mugatzen duen lege bat sustatu duela legebiltzarrean. Casanovak gogora ekarri du, Osoko bilkura monografiko bat ere sustatu zuela bere alderdiak, non neurri asko onartu ziren: "batzuk oso interesgarriak, hala nola merkataritza txikiaren sostengu politiketara bideratutako aurrekontu publikoaren handitzea, edota denda historiko eta tradizionalen babesa ezartzeko figura berri bat". Horrez gain, saltoki txikiei merkatalgune handien aurrean kalte egiten dien ordutegien liberazioa bezalako gaiak ere kritikatu zituzten.
Kanpaina hau denboran iraunkorra izango da, baina Barakaldon Gabonetan areagotu egingo da, Casanovak azaldu duenez. Alde batetik, herritarrak saltoki txikietan kontsumitzeko kontzientziatu nahi du indar subiranistak, baina, batez ere, erakundeei eskatzen diete adostutakoa betetzea: adibidez, urriko osoko bilkura monografikoan onartutako aurrekontu publikoaren gehikuntza. Legebiltzarkide barakaldarrarentzat, horrek ez du islarik izan Elkarrekin Podemosek babestuko dituen aurrekontuetan: "Merkataritza txikia defendatzen dutela dioten erakundeak ditugu hemen, baina Amazon Trapagaranen, edo Cosco Sestaon ezartzeko alfonbra gorriko politikak eramaten dituzte aurrera, jada merkataritza gune handien saturazioa duen eremu batean". Haren iritziz, erakundeek "berebiziko zeregina dute merkataritza txikiaren defentsan politika proaktiboak egiten".
Ekimen hau urtarrilaren 7an borobilduko da, Iker Casanovak berak Barakaldoko EH Bilgunean emango duen hitzaldiarekin. Hitzaldi horretan herriko merkatarien eta ostalaritzako profesionalen parte hartzea espero dute bozeramaile subiranistek.