Amaia del Campo berriro Barakaldoko alkate izendatua izan den gaur goizean egindako inbestidura saioan, EH Bildu maiatzaren 28ko emaitzek aurreratu zuten aldaketa politikorako tresna bakar gisa aurkeztu da. Horrela adierazi du Maria Solar bozeramaileak, eta osoko bilkuran EH Bilduk aurkeztutako alkategaiak. Solarrek gogorarazi du bere alderdia izan dela aurreko udal-hauteskundeetan babesa handitu duen indar politiko bakarra, “azken urteotan herritarren eta haien beharren defentsarako konpromiso argiarekin lan egin duen indar bakarra” EH Bildu izan delako. Konpromiso, lan eta umilltasunez, bide horretan sakonduko dutela agindu du Solarrek.
Izan ere, eta esan bezala, Amaia del Campo berriro alkate izendatua izan den arren, EH Bilduk nabarmendu nahi izan du hautesleek 7 mila botorekin zigortu dutela azken lau urteotan EAJk eta PSEk egin duten udal kudeaketa, eta udalerri honek politika egiteko beste modu batzuk behar dituelako mezu argia agerian geratu dela.
Alderdi soberanistak bi zinegotzi gehiago izango ditu Barakaldoko udalan. Datozen lau urteetan Barakaldoko gizarteak aurrean dituen erronkei, (berdintasuna, zaintza, klima-aldaketa, etxebizitza-arazoa edota prekarietatearen datu sozioekonomikoak besteak beste), aurre egiteko programa-akordioetan oinarrituko duela bere lana adierazi du.
Azkenik, osatuko den gobernu berriari oposizioarekiko errespetua eta aitortza politikoa partekatzeko eskatu dio EH Bilduk. “Barakaldok herri anitza dela erakutsi du”, eta errealitate honek umiltasuna, errekonozimendua eta errespetua eskatu beharko lieke guztiei EH Bilduren ustetan.
Maria Solarren hitzaldia irakur dezakezu lerro hauen azpiko ikonoan klik eginez: