2021eko irailaren 24an, historian lehen aldiz, Usoako langileek greba deitu zuten lantegian. Izan ere, kudeatzaileek eta agintariek ez dute izan inolako gaitasunik indar sindikal guztiekin hitzarmen kolektibo bat adosteko, USOAko langileen baldintzetan aurrerapausoak emanez eta haien artean desberdintasunik sortu gabe.
Udal enpresa publiko honetako arduradunak, EAJ eta PSE, Barakaldon gobernu ardurak partekatzen dituztenak, gaizki ohitzen ari zaizkigu USOAren izena enpresa publiko horren ohiko funtzionamendutik oso urrun dauden albisteekin erlazionatuta ikustera: gerentzia-aldaketak, aurreikusitakoa baino hartzaile gehiagorengana iristen diren e-mailak, zabaltzen ez diren lan-poltsak, mobilizazioak, eta gaur, lehen greba eguna 30 urte luzetik gorako historian. EAJ eta PSEren kudeaketak ziurgabetasunez beteriko oraina eta etorkizuna ekarri du USOAra.
Gustatuko litzaiguke USOA enpleguaren kalitatearekin lotutako titular atseginagoekin lotuta egotea, edo lidergoan izatea enplegu babestutik enplegu arrunterako trantsizioan. Baina zoritxarrez, EAJ eta PSE ez dira gai izan norabide horretan urrats sendoak emateko. Eta alderdikeriak proiektu laudagarriak bereganatzen dituenean, horrelakoak gertatzen dira.
Bi alderdien arteko azken gobernu itunaren ostean, EAJk presidenteordetza eta USOAren kontrola utzi zizkion alderdi sozialistari. PSEk berehala kendu zuen kargutik aurreko kudeatzailea, indemnizazio ekonomiko handia ordainduta. Konfiantzazko beste pertsona bat izendatu zuen PSEk, soldata oso handia ordainduta, “enpresari aukera eta etorkizun berriak emango zizkiolako”. Gerentzia berria justifikatzeko, plantillarekiko harremana erraztuko zela esan zuen Alderdi Sozialistak. Lan-baldintzetan aurrerapausoak suposatuko lituzkeen hitzarmen kolektibo bat adosteko ezintasunak agerian utzi du asmo hau ez dela bete.
Era berean, esan zen gerentzia berriak USOArentzat jarduera handiago eta dibertsifikatuko etorkizun bat bilatzeko balioko zuela, plantillaren errealitate berriei eta lan-zorroari dagokionez dauden aukerei erreparatuta. Baina gaur egun, ez dugu arlo horretan egindako aurrerapenen berririk.
Gogora dezagun udalak behar bereziak dituzten bizilagunentzat zerbitzu publiko bat jartzeko borondateari erantzuteko jaio zela USOA. Hiru hamarkada baino gehiago igaro dira, eta, gure ustez, USOAren orainari eta etorkizunari aurre egiteko garaia da, printzipio hauek oinarri hartuta, eta udal arlotik honen inguruan egin dezakegun lana birpentsatuz.