AKTUALITATEA


| 2024-11-28 07:04:00

Belit Solarrek, Barakaldoko Udaleko zinegotziak, Trapagarango Joseba Gómez zinegotzi subiranista eta ezkertiarrarekin batera, ostegun honetan Barakaldoko udalbatzak egingo duen ohiko bilkuran aztertuko den eskaera aurkeztu du. Bertan, Trapagarango Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetza-esparru bat sustatzea eskatu zaio Udal Gobernuari, Aparkabisa industrialdearen eta Megapark merkataritza-gunearen parean bi udalerri horien arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat sortzeko.

 

Trapagaran eta Barakaldo arteko jarduera-fluxuak oso biziak dira. Hala ere, oinezkoen arteko interkonexioa ez da oso irisgarria. EH Bilduren ustez, erakunde gisa onuragarria izan daiteke Trapaga eta Barakaldo arteko konexioak hobetzea; bizileku, lan eta aisialdi eremuak kontuan hartuz (gaur egun daudenak eta etorkizunekoak ere bai), oinez eta bizikletaz iristeko aukera eskainiz eta joan-etorrien intermodalitatea sustatuz. Horretarako, erakundeen arteko ahalegin partekatua eta lankidetza behar da, herritar askorentzat onuragarria izan daitekeena eta bi eskualdeen arteko oinezko eta bizikletentzako ibilbide-sarea hobetu dezakeena.