AKTUALITATEA


| 2023-03-15 13:59:00

Barakaldoko zinegotzi eta bozeramaile María Solar bildu zen atzo, Iker Casanova eta Rebeka Ubera legebiltzarkideekin, lehen mailako arretaren egoerari buruz hitz egiteko eta Barakaldoko osasun-zentroen egoera kezkagarriari irtenbideak bilatzeko ekimen instituzionalak elkarrekin aztertzeko.

María Solarrek azaldu zuenez, bere alderdiak Barakaldoko osasun-zentroen egoerari buruzko datuak biltzeko lanari ekin zion azken asteetan, eta emaitzak “oso kezkagarritzat” jo ditu. Solarrek San Bizente eta Arrontegiko anbulatorioen egoera azpimarratu zuen batez ere: «Duela hilabete baino gutxiago, datu horiek jaso genituenean, Barakaldoko bi osasun-zentro horietan ordutegiak murriztuta jarraitzen zuen, Gabonetarako emandako jarraibideekin», azaldu zuen zinegotzi subiranistak. Gainera, EH Bilduk Arrontegiko anbulatorioan bildutako datuen arabera, plantillan dituzten 7 medikuetatik 3 falta ziren, eta 3-4 pertsonaren falta etengabekoa zen. Bestalde, San Vicentekoan, 12 pertsonako familia-medikuntzako plantillarekin, laupabost mediku falta dira etengabe, eta inoiz 7 osasun-langile falta izan dira. Azken zentro horretan, EH Bilduk informazioa jaso zuen unean, familia-medikuarekin hitzordua lortzeko itxaronaldia zazpi astera arte luzatzen zen kontsulta batean baino gehiagotan. Oro har, María Solarrek emandako datuen arabera, lehen mailako arretako hitzordurako itxaronaldia Barakaldoko osasun-zentroetan bi asteren ingurukoa zen, batez beste. Gainera, Barakaldoko osasun-zentroetako plantillak ez daude osorik. Lanpostuen % 17 betetzeko daude, eta Arrontegi eta Errekaortuko osasun zentroen kasuan, plaza hutsen tasa % 30etik gorakoa da, alderdi soberanistak egindako galderei Eusko Jaurlaritzak parlamentuan emandako erantzun baten arabera.

Atzoko agerraldian, Rebeka Ubera legebiltzarkidearen bidez, Osakidetza indartzeko lanean jarraitzeko eta lehen mailako arretako osasun-zentroetan dauden hutsuneak ahalik eta azkarren betetzeko ekimenak aurkezten jarraitzeko konpromisoa berretsi zuen EH Bilduk. Bereziki, Uberak adierazi zuen Arrontegi eta San Vicenteko osasun-zentroen egoera hobetzeko ekimena hartuko dutela. Horrez gain, Uberak konpromiso hauek hartu zituen: bularreko minbizia goiz detektatzeko programaren itxaron-zerrendak murrizteko, osasun mentaleko baliabide publikoak indartzeko eta Gurutzetako larrialdiak duintzeko ekimenak aurkezteko konpromisoa, gehiegizko lankarga egoerak, behar duten arreta garaiz eta behar bezala jasotzea eragozten baitie herritarrei.

Uberak azpimarratu zuen era berean, EH Bilduk Gurutzetako emaginen egoeraren jarraipena ere egin duela, eta egoera konpontzeko argibideak eskatu dituela Legebiltzarrean. Alderdi subiranistak Gurutzetako onkologia pediatrikoaren zerbitzua hobetzeko eta itxaron-zerrendak murrizteko lan egiten duela gaineratu zuen legebiltzarkideak. Izan ere, Barakaldo-Sestao ESIan bularreko minbizia detektatzeko programak 11 hilabeteko atzerapena duela ekarri zuen gogora Uberak.

Azkenik, Maria Solar udal bozeramaileak adierazi zuen EH Bilduk eskatuko duela datozen egunetan Barakaldoko Udalak osasun aktiboen tokiko mapa egitea, tokiko eragile eta elkarteekin batera. Solarren hitzetan, “eragile politikoek arreta komunitarioa garatzeko eta osasunaren sustapean lehen mailan jartzeko erantzukizuna dute, horrela osasuna eratzen eta antolatzen hasteko”.