AKTUALITATEA


| 2023-02-15 17:46:00

EH Bilduk Legez Besteko Proposamen bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Erandio eta Barakaldo arteko ibai-garraio zerbitzua mantentzeko Eusko Jaurlaritzaren inplikazioa eskatzen. Zehazki, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio lantalde bat sortzeko, Barakaldoko eta Erandioko Udalekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Gasolinoari laguntzeko neurriak hartzeko, zerbitzuaren biziraupena bermatzeko. Neurri horien artean, honako hauek aipatzen ditu alderdi subiranistaren proposamenak besteak beste: diru-laguntzak, beste garraio zerbitzu batzuekiko elkarreragingarritasuna eta zerbitzu nagusiarekiko jarduera osagarriak sortzea, egiturazko defizita konpentsatuko duten diru sarrera egonkorren iturriak ahalbidetzeko.

Iker Casanova legebiltzarkideak agerraldia egin du gaur goizean gasolinoan bertan, Maria Solar (Barakaldo) eta Imanol Eguskiza Barakaldoko (Erandio) udal bozeramaileekin batera. Casanovak azaldu duenez, EH Bilduk zehazki proposatu du Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak Gasolinoaren zerbitzu nahikoak kontratatzea urtero, itsasadarrean ibilbide kulturalak eta turistikoak egiteko. Horrela, garraio-zerbitzua osatuko luke, zerbitzuaren iraunkortasuna bermatuz.

Zerbitzu hau kontratatuta, erakundeek itsasadarrean ibilbideak eskaintzeko programa bat abian jartzeko aukera izango lukete. Programa honen helburua ikasleei, turistei edo interesa duen edonori, itsasadarraren arkitekturaren eta historiaren mugarrietatik Gasolinoaren bitartez bidaia gidatua egiteko aukera eskaintzea litzateke, arreta berezia jarriz herentzia industrialean. Era berean, proposamenak Jaurlaritzari eskatzen dio beharrezko izapideak egin ditzala programa horrek Europako funtsak jaso ahal izateko.

Casanovak nabarmendu du, defizitarioa izan arren,  Gasolinoa beharrezko garraio-sistema dela oraindik, jende askori zerbitzua ematen diolako egunero. Gainera, Ibaizabal itsasadarraren inguruko ondare historiko, industrial, kultural eta sentimentalaren parte dela azpimarratu legebiltzarkideak.