AKTUALITATEA


| 2024-12-20 13:07:00

Koldo Plazas zinegotziak gure alderdiak egiten duen irakurketa aurkeztu du 2025erako Barakaldoko aurrekontuak garaiz eta behar bezala ez aurkeztearen inguruan. Irakurketa eta adierazpena, EH Bilduk EAJri eta PSEri gure ustez garrantzitsuak diren kontuei buruz hitz egiteko eskaintza egiten baitie.

Plazasek adierazi duenez, “aste hauetan erakunde publikoetan datorren urterako aurrekontuen inguruko eztabaidak ikusten ari gara. Ezberdinen arteko elkarrizketa politikoa eta akordioa izaten ari dira prozesu horien joera orokorra, eta hori albiste ona dela ulertzen dugu. Ezberdinen arteko elkarrizketa, kontu publikoek izan behar duten norabideari buruzko eztabaida eta proposamenen trukea, proiektu garrantzitsu hau onartzeko beharrezkoak diren botoez harago.

Egoera hori Barakaldon, EAEko laugarren udalerritik, oso bestelakoa da, EAJren eta PSEren agindupean jarraitzen duen honetan. EH Bildun, oposizioko alderdi nagusia izan arren, ez dugu 2025erako aurrekontuaren berri.

Herrialdeko administrazio publiko gehienetan praktika osasuntsua eta demokratikoa izaten hasi dena ez bezala, Gobernu Talde honen udal-dinamika alderdikoiak ez du elkarrizketa eta akordio politikoa sustatzen.”

Azaldu duen bezala, “testuinguru horretan, beste behin ere agerian geratu da Udal Gobernu honek plangintzarik ez duela eta akordioak lortzeko borondaterik ez duela. Urtea amaitzen ari gara eta ez dugu 2025erako aurrekontu proiekturik. Hori ohikoa da administrazio askotan, baina guri kezkatzen gaituena da Barakaldon ez dagoela talde politiko guztiok ekarpenak egiteko, eztabaidatzeko eta, azken batean, aurrekontuen arloan adostasuna lortzeko aukerarik. Gobernu Taldearen ardura da elkarrizketarako gune horiek sortzea. Instituzioen ohiko praktika demokratikoa izan beharko lukeena, Barakaldon argi eta garbi ikusten da oraindik ez dagoela.”

Koldo Plazasek gaineratu du “aurrekontuak izapide tekniko bat baino gehiago direla ulertzen dugula. Ekimen politikoa dira, politika publikoak garatzeko, pertsonen bizitzak hobetzeko eta zerbitzu publikoak indartzeko tresna (Barakaldo Kirolak, Kultur Etxeak, liburutegiak, Gizarte Zerbitzuak). Edota etxebizitza-politikak, gizarte-babeseko sistemak eta zaintza-sistemak garatzeko tresnak dira.

Ez da inertzietan erori behar, eta urtez urte gauza berarekin jarraitu, erabaki politiko garrantzitsurik gabe. Guretzat, pertsonen bizitza hobetzeko tresna bat da. Aurrerapausoak eman behar ditugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da udalerri gisa aurre egin behar diegun erronkei ekitea.”

Amaitzeko, zinegotzi subiranista eta ezkertiarrak honako adierazpen hau egin du: “Hala ere, ikuspegi demokratiko batetik eta gure erantzukizun politikotik, EH Bilduk eskua luzatu nahi dio Gobernu Taldeari. Elkarrizketa espazio horiek eta guztion neurrirako aurrekontuak errazteko prest gaudela adierazi nahi dugu. Azken batean, Udal Gobernuari eskatzen diogu alderdi politikoen arteko elkarrizketa sor dezala 2025eko aurrekontuak adosteko. Garaiz gabiltza.