AKTUALITATEA


| 2024-09-27 10:04:00

Atzoko osoko bilkuran EH Bildu Barakaldok berriro azpimarratu zuen udal zerbitzuen publifikazioaren inguruko eztabaida ireki behar dela. Ia 12 milioi euroko kostua duen zaborren kontratuaren onarpenaren aurrean, Maria Solar taldeko bozeramaileak jeltzaleen eta sozialisten jarrera kritikatu zuen; izan ere, “zaborren kontratua funtsezko zerbitzua da udal kudeaketan, eta Barakaldon, ezinbesteko zerbitzua dela aitzakiatzat hartuta, gobernu kideen arteko ika-miketan, aurreikuspen faltan eta desadostasun etengabean kudeatu da”.

“Kasu honetan, eta Barakaldoko Udalean, zerbitzu publikoen kudeaketa pribatizatzaileak bide judizialetatik, sektore publikoaren protestetatik eta interes ekonomikoaren bidetik garamatza, herritarrak bigarren planoan utziz,” adierazi du zinegotzi subiranistak, eta azpimarratu du “gaur ere, EH Bildu Barakaldotik, berriro eskatzen dugula zerbitzu publikoen publifikazioaren inguruko eztabaida ahalbidetzea, zerbitzu publiko eta kalitatezkoak eskaintze aldera. Gauzak beste modu batean egiteko garaia delako.”

Era berean, osoko bilkuran, Lutxanako bizilagunek mozio bat aurkeztu zuten Oxinorteko txistuaren inguruan, eta Udalari eskatu zioten enpresa aldi baterako geldiarazteko beharrezko mekanismo tekniko eta juridikoak martxan jartzeko. Kasu honetan EH Bilduko Koldo Plazas zinegotziak hartu zuen hitza, eta esan zuen “oso kezkagarria dela hau guztia, gure auzokideen osasunaz ari garela”.

Ezkerreko alderdi subiranistako zinegotziak bere babesa azpimarratu zuen; “mozio honekin Lutxanako bizilagunek urrats bat harago egiten duzue. Salaketatik (asteak badaramatzazue ere) arazo hori konpontzeko beste bide batzuk bilatzera pasatzen zarete. Gaur Barakaldoko Udalera zatozte, Osoko Bilkura hau osatzen dugun indar politiko guztiei konponbideak bilatzeko eskatzeko”. Koldo Plazasek aipatu zuen “ezin dela prozedura arruntik egin ezohiko egoera baterako. Eta hemen politikan ez gaude soilik gure bizilagunei elkartasuna adierazteko, irtenbideak bilatzeko eta erantzun sendoak emateko gaude. Udal-legeak eta -araudiak daude. Tresnak ditugu, erabil ditzagun.”