AKTUALITATEA


| 2024-04-24 12:13:00

EH BILDU Barakaldotik oso pozik gaude igandeko hauteskundeetako emaitzekin Euskal Autonomia Erkidego osoan, baita Barakaldon ere.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian ia 350.000 boto, 27 legebiltzarkide eta 100.000 boto gehiagorekin, Euskal Herri osoan 420.000 (EH Bairekin batera) botorekin, gure alderdiak politika egiteko modu berri bat ordezkatzen du argi eta garbi. Aukera hori da hauteskunde autonomikoen garailea, balorazio autokonplazienteen eta alderdikoien gainetik. Mapa politikoaren aldaketak parlamentu berri bat eratu du, gehiengo ezkertiar eta abertzale argiarekin. Gauzak beste era batera egiteko unea da, herriaren aginduari kasu egiteko eta elkarlanerako espazioen alde egiteko.

Aurreko udal hauteskundeetan aipatu genuen bezala, herritarrek politika egiteko modua aldatzea eskatzen dute. Aldaketa horren beharra agerian geratu zen Barakaldoko egungo kudeatzaileen, EAJren eta PSEren botoetan izandako jaitsierarekin eta EH Bilduren igoerarekin. Eta, hautesontzietako azken hitzordu honetan, aldaketa eskaera hori sendotuta atera da, EH Bildu bigarren udal indar bihurtuz.

Barakaldarrek aldaketaren aldeko apustu garbia egin dute. Emaitza historikoak lortu ditugu eta lehen aldiz bigarren indar politikoa gara gure udalerrian, EAJk eta PSEk ordezkatzen duten eredu agortu eta alderdikoiaren aurrean alternatiba bakarra gara. 10.000 boto baino gehiagok gobernantza-eredu ireki eta kolaboratibo berri baten aldeko jarrera agertu dute, Barakaldoko egungo gobernu-taldearen eskemetatik kanpo. Espero dezagun emaitza hauek balio izatea EAJ-PSEren udal gobernua bere ikuspegia eta itun itxien politika zaharra aldatzen hasteko. Hori da herritarren agindua.