EH Bilduk bere irakurketa aurkeztu du gaurko egunean Barakaldoko etxebizitza krisiaren aurrean. Arazo horrekiko ardura eta kezkatik abiatuta, alderdi subiranista eta ezkertiarrak diagnostiko sakona egin du egoera honetara zergatik iritsi garen jakiteko, gainerako alderdiekin egoera iraultzea neurriak adosteko helburuarekin. Maria Solar eta Koldo Plazas zinegotziek hausnarketaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte, eta gainerako indar politikoekin hitz egingo dutela iragarri dute, Barakaldorako etxebizitza-politika berri baten norabidea adosteko.
Koldo Plazasek honela hasi du agerraldia: “Etxebizitza bihurtu da Barakaldoko herritarren kezka nagusietako bat. Etxe duin eta eskuragarria eskuratzea jada ez dago bermatuta. Horregatik, egoera horren irakurketa lasaia egin nahi dugu, diagnostiko on batek hiriak behar duen aldaketaren abiapuntua izan behar duelako”.
Plazasek egungo errealitatearen datuak xehatu ditu. “Has gaitezen datuekin. Barakaldon 103.000 pertsona baino gehiago daude erroldatuta eta 42.000 etxe baino gehiago, pertsona bakarreko hamarretik ia hiru. 2025eko maiatzetik 2028ko maiatzera arte, hiria Etxebizitza Merkatu Eremu Tentsionatu gisa izendatuta dago. Ez da izapide soila: hau kolapso egoera legez aitortzea baita, bizitegi-larrialdian gaude. Alokairuak, oinarrizko hornidurei gehituta, familiaren batez besteko errenta erabilgarriaren % 32,8 hartzen du. Alokairuko metro karratua 2015ean 9,5 euro izatetik 2026an 15 euro izatera igaro da, hamarkada batean % 58 gehiago ”.
“Etxebideren datuek eskariaren dimentsioa erakusten dute: 6.629 espedientek eskatzen dute etxebizitza bat Barakaldon. Dagoeneko hirian erroldatuta dauden 3.936 pertsona eskatzaileetatik 3.197 etxek (%81) alokairua eskatzen dute, eta 739k soilik aukeratzen dute hura erostea. Gainera, % 23 inguru premia bereziko egoerak dira: guraso bakarreko familiak, 30 urtetik beherako gazteak, 70 urtetik gorakoak, indarkeria matxistaren biktimak edo dibertsitate funtzionala duten pertsonak”.
Azkenik, zinegotzi subiranista eta ezkertiarrak adierazi duenez, “egoera hau ez da ezerezetik sortu. Barakaldok hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetako industria-krisietatik udalerri dentsifikatua jaso zuen oinordetzan, langile-parke zahartua, ekipamendu eskasak eta azaleraren heren bat eraikin eta azpiegitura abandonatuek hartzen zutelarik. Lehenengo korporazio demokratikoek saneamenduari, oinarrizko urbanizazioari eta gizarte-larrialdiari erantzun behar izan zieten, oso baliabide gutxirekin”.
“Laurogeita hamarreko hamarkadatik, hiriak aparteko eraldaketa bizi izan zuen: Bilbao Ría 2000 1992an, URBAN Plana 1995ean, Eretza 1997an eta HAPO 1999an. Urban-Galindo bezalako operazioek 600.000 metro karratu baino gehiagoko lurzoru industrial degradatua berreskuratu zuten, 200.000 metro karratuetako parke eta berdegune sortu zituzten, hiria itsasadarrera ireki zuten eta 2.200 etxebizitza baino gehiago eraikitzea ahalbidetu zuten. Barakaldok 100.000 biztanle baino gehiago izan zituen. Argi eta garbi aitortzen dugu ahalegin eraldatzaile eta tekniko hura”.
Bestalde, María Solarrek adierazi duenez, “Galdera nagusia ez da zenbat eraikin altxatu ziren, baizik eta zer jabetza erregimen finkatu zen, nork lortu zituen diru publikoaren inbertsioarekin sortutako irabaziak, eta zer ondare geratu zen hiriaren esku. 2010ean zabaldutako adierazpen instituzionalen arabera, 2000 eta 2010 artean 5.000 etxebizitza babestu inguru eraiki ziren. Hala ere, ez zen alokairuko parke publiko iraunkorrik sortu: jabetzako BOEa lehenetsi zen, eta saldutako etxebizitzak baliabide kolektiboa izateari utzi zioten”.
“Horrela, egiturazko dinamika bat finkatu zen: erakundeek beren gain hartu zituzten deskontaminatzeko, birsortzeko eta urbanizatzeko kostuak, eta gainbalioak, berriz, pribatizatu egin ziren. Bilbao Ría 2000 ereduak, lurzoru publikoa urbanizatzeak eta obra berriak finantzatzeko eskaintzaile onenari saltzeak, hiria edertu zuen, baina ez zien bizitegi-ondare publikorik utzi etorkizuneko belaunaldiei. Beraz, 2008ko krisia piztu zenean eta etxegabetzeek udalerria kolpatu zutenean, 2012an gure bizilagun Amaia Egañaren tragediarekin, eta hurrengo hamarkadan kaltetutako 2.000 familia baino gehiagorekin, Barakaldok itsasadarra berreskuratuta zuen, baina ez zuen alokairuko udal parkerik”.
“Azken hamarkadan ere ez da norabidea zuzendu. EAJk 2015ean aldaketa ekarriko zuela iragarrita alkatetza hartu zuen, baina 2015 eta 2019 artean ez zen asmo handiko estrategiarik bultzatu honen bueltan; aitzitik, erakundeen jardunaren ezaugarri nagusia ekimen puntualen jarraitutasuna izan zen, lurzorua eta higiezinak prezio moderatuetan erosteko aukera ematen zuen berreskuratze-etapa bat alferrik galduz. 2019tik 2022ra 291 etxebizitza babestu berraktibatu ziren, baina 183 salmentarako izan ziren, eta 108 soilik alokairurako. Larrea auzoan, 104 etxebizitzatik 78 jabetzarako erabili ziren, eta 26 alokairu-irisgarrirako. Ulertezina da 100 eskatzailetik 81 alokairua eskatzen ari direla jakitea, eta etxebizitza babestuaren % 60 eta % 75 artean salmentara bideratzea. Hori ez da herritarrei entzutea ”.
EH Bilduk Barakaldon duen bozeramaileak adierazi duenez, "lurzoru publikoaren salmentak larrialdi betean ere jarraitu du. 2024an, alokairuak maximoetan zeudela, Bilbao Ría 2000k partzela bat saldu zuen Galindo-Ekialdean, 17,96 milioi euroren truke, sustatzaile pribatu bati, 137 etxebizitza libretarako. Berriz ere lehentasuna eman zitzaion berehalako diru-sarrerari, alokairu babesturako lurzoru estrategikoaren erreserbaren gainetik. El Caleron eta Sefanitron, Udalak sustatzaileen mende ere jardun izan du ”.
“Horri gehitu behar zaio Udalak etxebizitzaren arloan duen etengabeko atzerapena. Horren adibide dugu urte eta erdi behar izana soilik eremu tentsionatuaren deklarazioa izapidetzeko. Adierazpen hori izan da legealdiko aurrerapenik ausartena, kolektibo sozialek eta oposizioak bultzatuta. Baina ez da bestelako politika ausartekin lagunduta joan. Aipagarria izan den gauza bakarra 2027rako aurreikusitako Etxebizitza Plan baten kontratazioa izan da, legealdia amaitzen denean eta aitorpena iraungitzear dagoenean. Izendapena lortzeak eta ez arautzeak alferrikakoa da. Larrialdi batean ez da nahikoa planak iragartzearekin: jardun egin behar da ”.
Solarren iritziz, “gauden lekuan gaude, lau hamarkadatan zehar etxebizitza merkantzia gisa tratatu zelako, eta ez eskubide gisa; lurzoru publikoa obrak finantzatzeko aktibo gisa ikusi zelako, eta ez ondare kolektibo baten oinarri gisa; eta ekimen estrategikoa sustatzaile pribatuen esku utzi delako. Barakaldok paradigma aldaketa behar du. Ez da nahikoa gehiago eraiki eta saltzearekin. Erabaki behar da zer eraikitzen den, nork gordetzen duen jabetza, zer preziotan esleitzen den eta zenbat denbora egoten den babestuta ”.
Ondorioz, “Etxebizitza osasungintza, hezkuntza edo garraioa bezala tratatu behar da: funtsezko azpiegitura publikoa legez. Lurzoru publikoa berriro ez saltzea eta ondare publikoa babes iraunkorreko kalifikazioarekin blindatzea proposatzen dugu. Lehentasuna izan behar da alokairu babestua, hutsik dauden etxebizitzen mobilizazioa eta auzoen birgaitze integrala, bizilagunak kanporatu gabe ”.
Alderdi subiranista eta ezkertiarraren bozeramaileak adierazi duenez, “Barakaldok pairatzen duen egoera EAJren eta PSEren gobernantza historikoaren ondorioa da, bai. Baina horrek ez du esan nahi irauli ezin denik. Beste erabaki batzuk har daitezke. Lurzoru publikoa babes daiteke. Eskala handiko alokairu babestua eraiki daiteke. Merkatuan esku har daiteke gehiegikeriak geldiarazteko. Edukitzaile handiak ikuskatu daitezke, eta arrazoirik gabe hutsik dauden pisuak mantentzen dituztenak zigortu. Eta gure auzoak birgaitu daitezke, bizilagunak kanporatu gabe ”.
Amaitzeko, María Solarrek iragarri duenez, “panorama politiko horren aurrean, paradigma aldaketa hori gidatzeko eta partekatzeko konpromisoa hartzen dugu. Etxebizitza erdigunean jarriko duen elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat irekitzea proposatzen dugu. Epe labur, ertain eta luzerako neurriak adostuz, egoera hori iraultzeko. Ildo horretan, udaleko indar politikoekin bilera erronda bat iragarri nahi dugu, diagnostiko hori partekatzeko eta lan ildo komunak adosten saiatzeko ”.