Barakaldoko EH Bilduk alegazioak aurkeztu dizkio gaur goizean Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari, Argalario mendia eta Sasiburu mendikatea parke eolikoa bezalako azpiegiturak ezartzeko bazterketa-eremu izan daitezela eskatuz, naturgune horiek babesteko helburuarekin.
Alegazioak erregistratu ondoren, Koldo Plazas EH Bilduko zinegotziak kritikatu du EAJk Meatzaldeko Biotopo Babestua handitzeko prozesuan ekintza instituzional eza, eta 2018an onartutako osoko bilkuraren eskaria bete ez duela adierazi du: "Alderdi horretan aurrera egin izan balitz, gaur egungo mehatxuetatik gure naturaguneetako biodibertsitatea babestuko zukeen lege-tresna bat izango genuke".
Halaber, Plazasek gogorarazi du azken hamarkadetan ingurumen-interes handiko eremu honetan makro azpiegitura handiak egin edo proiektatu direla, hala nola SuperSur autobidea eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea. Era berean, zorionez, zabortegiaren proposamena baztertu egin dela ekarri du gogora, eremu horretan sai zuria bezalako espezie babestuak daudelako.
Bukatzeko, Barakaldon etorkizunean ingurumenak jasan ditzakeen mehatxuen aurrean erantzukizunez jokatzea eta naturguneak babesten aurrera egitea eskatu du Plazasek.