AKTUALITATEA


| 2019-09-20 12:07:00

EAJk eta PSEk sinatutako gobernu akordioa Barakaldoko herriarentzat albiste txarra dela uste dugu EH Bildun. Egonkortasun akordioaz hitz egiten dute nortzuk eta bere harreman politikoa elkarri mokoka sendotu duten horiek. Duela aste gutxi, Amaia del Campok PSEko kideak “pertsona ez fidagarriak” zirela esaten zuen. Bitartean, PSEko kideek azken bi urte hauetan beraientzat Amaia del Campo zela arazoa argudiatzen zuten behin eta berriz.
Akordioa atzerapauso galanta da Barakaldoko garapenarentzat, bere etorkizunarentzat. Gure ustez herritik kanpo sinatzen diren akordioek, eta Euskadi mailako itunpeen menpe dauden akordioek ez dituzte Barakaldok behar dituen beharrak asetuko.
 
Historikoki salatu du EH Bilduk bi alderdi hauen arteko interesen komunak. Etengabe errepikatu dugu, hauteskunde kanpainan ere, txanpon beraren bi aldeak direla baieztatzen genuenean. Biek kudeaketa eredu bera egonkortu dute hamarkadetan. Kudeaketa eredua agortua, udal hau ekonomikoki zigortzen duen eredua, egindako hamaika lardaskeriak direla eta.
 
Akordio horretara heltzeko, EAJk eta PSEk Barakaldok inoiz izan duen udal gobernurik garestiena aurkezten dute. Gurea bezalako udalerri batek dituen mugetaraino heltzen. Barakaldok hamarkada honetan langabezi daturik okerrena duen bitartean, hiritarrok gure patrikatik ordaindu beharko dugu inoiz izan dugun gobernurik garestiena. Eta horretarako ez dute zalantzarik izan sailetatik azpisailak asmatzeko, 4 alkateorde izendatzeko... Guzti hau inor ez geratzeko tarta zatirik Gabe.
 
Eta soldatapean dagoen jendetza hau apaintzeko, gobernu akordio bat aurkeztu dute. Hurrengo urteetan udal honek hartuko duen norabideaz gutxi edo ezer ez adierazten duen 14 orrialdeko dokumentua. Orokortasun batzuk baino ez. Hitz hutsak konpromiso eta konkreziorik gabekoak. Lau ardatz handiez mintzatzen dira. Indar politiko guztiontzat diren lan ildoak, eta alderdi bat bera ere kontra ez agertzeko modukoak, baina esan bezala, inolako konkreziorik gabe. Hamarkada honetako langabezi-tasa altuena mahai gainean dugunean, akordioaren zehaztapena da “krisialditik ateratzea inor ez bidean utzi gabe”; ez da aipatzen gune degradatuak eraberritzeko inolako finantzazio publikorik aipatzen; AHTren obra-hondakinak onartzen dira, eta ez da Hegoaldeko Tren Saihesbidea ezta aipatzen ere; eta matxismoarekin eta desberdintasunarekin bukatzeko, emakume politikaz aipamen bakarra da txakur hezituen laguntzaile programa bat indarren jartzea.
 
Kanpainan esan genuen eta gaur are argiago esango dugu. EAJ eta PSEk Barakaldoko datuek porrot egin duela argi uzten duten kudeaketa ereduaren errudunak dira. PSE ez da eta ez da izango alternatiba.  EAJk ez du inolako aldaketarik ekarri.
Gure aldetik, EH Bilduk legegintzaldi honetako lau urte hauei ilusioz eta indartsu aurre egingo die, errealite honen aurrean benetako alternativa politikoa eta soziala indartzeko asmoz. Udal gobernuaren ekintza kontrolatzeko asmoz, eta hiritarren interesak defendatzeko asmoz, udaletxean eta kalean, eta etorkizuneko zer nolako Barakaldo nahi dugun eztabaida estrategikoa pizteko asmoz.