Barakaldoko Udaleko zinegotzia Itxaso Salasek eskaera bat erregistratu du, Iratxe Foces euskara arloko zinegotzi arduradunari zuzendua, udal komunikazio publikoen euskarazko bertsioetan egindako akats ugari eta larriei buruzko azalpenak eskatzeko eta komunikazio horien gainbegiratzea bermatu beharko luketen barne protokoloen inguruan zehaztapenak jasotzeko.
Barakaldoko Kontsumo Bonuak iragartzen dituen Udaleko weborriaren euskarazko bertsioan ageri izan diren akats larrien aurrean herriko hainbat euskaltzalek egindako salaketa publikoaren ondorioz egin da eskaera.
Egindako eskaeran, Itxaso Salasek bere atsekabea eta haserrea azaldu du Udalaren komunikazio publikoan euskarak jasaten duen tratu txarragatik, ez baita lehen aldia horrelako “akatsak” gertatzen direla. Zinegotzi subiranista eta ezkertiarrak bere eskaeran gogora ekarri ditu euskarak tokiko erakundearengandik jasaten dituen mespretxuak.