AKTUALITATEA


| 2025-02-05 12:32:00

Itxaso Salas zinegotziak, urtarrileko Osoko Bilkuran aprobaturiko “Euskara Plan Estrategikoa”ren harira, EH Bilduk egiten duen irakurketa plazaratu du. Albiste ona dela azpimarratzearekin batera, bera garatzeko bermeen falta ikusten du. Egunerokotasunean euskararen aldeko politika eraginkorrak eskatu dituelarik ere.

Salasek adierazi duenez, “Barakaldoko Euskara Plan Estrategikoa onartu berri da gehiengo osoz. Bozkek oso ondo adierazi dute guztiok euskara sustatzen duten politika eta planen alde gaudela.  Baina alde egotetik harago, berau goitik behera betearazteko bermeak behar ditugu.

Izan ere, Barakaldon euskararen egoera ez delako bereziki ona. Zoritxarrez harritzen ez gaituen errealitatea da zerbitzu publikoetara joatea eta euskaraz egin ezin izatea, udal kanpainak txarto itzulita ikustea edota hizkuntza eskubideen urraketak bihurtzea gure egunerokotasunaren parte”.

Ezkerreko zinegotzi abertzalearen iritziz, “halako planak onartzea ondo badago ere, planak baino, udal administrazioaren erantzukizuna da politika eraginkorrak, errealak eta ausartak martxan jartzea. Administrazioa euskalduntzerantz eramango dituen ekimenak nahitaezkoak dira. Euskara-plana izateak euskara-legea bete ez ezik, euskara aintzat hartu eta egoki erabiltzen dela ere ziurtatu behar duelako”.

Horrexegatik uste dugu hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia heldu dela. Plan guztiek diagnostikoa behar dute, baina era berean, jarraipen eta ikuskapena ere bai. Planaren onarpena adierazpen instituzionaletik haratago, euskarak inbertsioak eta zerbitzuak behar ditu; baina, batez ere, borondate eta konpromiso politikoaren beharra du” adierazi du Itxaso Salasek bukatzeko.