AKTUALITATEA


| 2024-03-08 13:31:00

Lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu egungo Atzerritarrei buruzko Legearen aurkako jarrera; izan ere, lege horrek egoera administratibo irregularrean, gutxienez, bi urtez egotera behartzen ditu pertsonak, erregularizatu ahal izateko.

 

Arau hori oinarri hartuta, eta denbora-tarte horretan, polizia-operazioak egin zituzten Barakaldon, joan den asteazkenean. Bertan, babes faltsua eskaintzeko aitzakiarekin, poliziak leku seguruak eta norberaren gauzak galtzera bultzatzen ditu kalean bizirauten duten pertsonak. Honekin batera, arriskuan jartzen ditu haien segurtasuna eta herrialdeko egonaldia.

 

Barakaldoko Udalak, 2021ean Migrazioaren aldeko Euskal Itun Sozialetik ateratako konpromisoaren aurkako jarduerak dira aurreko portaerak. Itun horrek, besteak beste, migratzaileen premien aurrean erantzun solidario eta arduratsua indartzea proposatzen du.

 

Kalean bizi diren pertsonen segurtasuna bera argudiatuz, polizia-operazio horiek, udaltzaingoaren laguntzarekin, migratzaileak kanporatzeko espedienteak irekitzea ahalbidetzen dute. Horrek oso ondorio larriak izan ditzake beren bizi-proiektuetan.

 

Azalaren koloreagatik eta bizi daitekeen egoera ahulenean egoteagatik (kalean) identifikatzen dituzte.

 

Identifikazio mota horiek zailtasun larriak eragiten dituzte erregularizazio-prozesuetan, eta sarritan, jatorrizko herrialdeetara bidegabeko kanporatzeak eragiten dituzte. Horrek eragiten du pertsonek berriro itsasoan bizitza arriskuan jartzea, Europa  edo Ceuta edo Melillako hesia zeharkatuz. Migratzaileak eta errefuxiatuak ez dira beren herrialdeetatik gustura ateratzen, ez dituzte bidaia horiek kapritxoz egiten.

 

Udalak jakinarazi digunez, sarekada honen arrazoia Barakaldoko aterpetxearen berri emateko "asmo ona" zen. Baina ez dute adierazten aterpetxe horrek 25 plaza baino ez dituela eta sistematikoki beteta dagoela.

 

Barakaldon bi gertaera argi daude: Pertsona asko kalean bizi direla eta erakundeak ez duela hori saihesteko nahikoa egiten. Gizarte-babeserako dauden baliabideek gabezia asko dituzte, baina funtsezkoa plaza kopuruarekin lotuta dago. Ez dira nahikoak. Barakaldok hainbat hilabetez kritikak jaso ditu, gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen arretari dagokionez hartzen ari diren neurriengatik (ostatu-plazarik, jantokirik eta dutxarik ez egotea, emakumeentzako aterpetxea ixtea, kaleko taldearen arreta-zerbitzua amaitzea).

 

Jendearen zerbitzura dagoen erakunde bat nahi dugu, ahulenak babestuko dituena. Herritar guztiak duintasunez zainduko dituen Barakaldo bat nahi dugu, eta etxerik gabeko pertsonen (barakaldarrak dira ere) "herria garbitzeko" sarekada bateratuak ez datoz bat ideia horrekin

 

Bai hala egiten du ordea, gizarte-politiken eta justizia sozialaren alde egitea, inor kalean bizi ez dadin. Hori bai da gizarte solidario baten praktika zaintzailea. Arazoa ezkutatzea eta pertsonak kriminalizatzea, ordea ez, eta horregatik, sakonki arbuiatzen dugu.

 

 

 

Barakaldon, 2024ko martxoaren 8an