AKTUALITATEA


| 2022-06-28 18:22:00

Komunikabide nagusienen estigmatizazio saiakerek eta manipulazioak zein eskuin muturreko diskurtsoek cis-hetero arautik ateratzen diren bizitzak ezabatu nahi dituzten honetan, ekainak 28 honetako Harrotasun Eguna dela eta, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea.

Stonewalletik Euskal Herrira, milaka bizipen, galera, aldarrikapen eta lorpen izan ditugu, baina oraindik egiteko asko dago.

Eraso LGBT+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira… eta ondorioz pertsona askoren bizitzak arriskuan daude.

Honen guztiaren aurrean, antolatzea eta borrokatzea ezinbestekoa dugu. Instituzioetatik ere politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak… ezartzea ezinbestekoa da. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia dugu.

Arrasateko Udalean ere beharrezko jotzen dugu gure herriko LGBT+ pertsonen bizitzen gaineko diagnostikoa egin, eta honetan oinarritutako ekintza plan integral bat abiatzea herriko LGBT+ mugimenduko kideekin elkarlanean.

Horrez gain, Arrasateko herritar guztiei dei egiten diegu, gaur, asteartea, aurtengo Harrotasun Egunean, Morbor kolektiboak Erasoekin eroso? Hartu dagokizun ardura lelopean deitu duen kontzentraziora batzeko. Herriko plazan izango da, 19:30ean.