AKTUALITATEA


| 2023-05-15 19:59:00

Agerraldia egin du Arrasateko EH Bilduk herri programako gazte politikak ezagutzera emateko. Agerraldian Arrasateko EH Bilduren zerrendakide diren Andoni Arratibel, Gladys Fernandez eta Asier Murguzur izan dira. 

Beraiekin batera Arrasateko hainbat gazte egon dira. Izar Uribetxeberriak hartu du hitza eta mandatu bat eman diote EH Bilduri: “paleatiboak diren neurriak albo batera utzi, desgobernantza eta arazoaren aurrean ez-ikusiarena egin, eta gazteok bizitza duinak eraikitzeko baldintza duinak bermatzea erdigunean kokatu.” 

Gazteen emantzipatzeko beharraz mintzatu dira: “emantzipazioa ez da gurasoen etxetik nola edo hala alde egitea. Gure bizitzen gain erabakitzeko gaitasuna lortzea da, gure bizitzak askatasunez eta berme eraikitzeko aukera izatea”. Horretarako, politika eraginkor eta ausartak egitea ezinbestekotzat jo dute. Politika horiek martxan jartzeko berme bezala aurkeztu dute EH Bildu. 

Gazteon ahotsa udaletxean

“Gazteak lehen lerroan jarri eta gure beharrei erantzuteko konpromisoa hartzeko eman dugu guk EHBilduko zerrendan aurkezteko urratsa” azpimarratu du Gladysek, modu honetan gazteen ahotsa “erabakiguneetara eramatea” posible dela adieraziz. 

Politika publikoen norabide aldaketa “beharrezkoa” dela azpimarratu dute bertan bildutakoek, eta etsipenaren aurrean konponbideak eskatu dituzte. Norabide horretan lan egiteko konpromisoa agertu du koalizioak.

Gazte politikak aktibatzeko ekimenak

1. Etxebizitza-zerbitzu publikorako bulegoa, etxebizitza eskubidea bermatzeko eta etxebizitzara sarbidea errazteko (alokairu soziala, cohousing…).
2. Mugikortasunean aurrera pausuak eman, eta eskualdeko gainerako udalerriekin batera Arrasateren konexioak eta autobus zerbitzua hobetzeko lan egin. 
3. Berdintasunaren eremutik feminismoetara jauzi egin eta LGBT+ ildoa udal politiketan txertatu.
4. Ikasteko eta lanak egiteko ikasgela kolektiboak sortu, ordutegi zabalekin eta jai egunetan ere irekita egongo direnak
5. Ekintzailetza soziala sustatzea negozio berriak ireki nahi dituztenen bidelagun izanez eta erraztasunak eskainiz.
6. Kultur eskaintza zabala, anitza eta desentralizatua garatzea eta gazte sortzaileentzako sormen beka abiatzea. 
7. Hizkuntza politika eraginkorrak egin, euskararen plan integrala eta ordenantza garatuz. 
8. Kontsumorik gabeko aisialdi aktiborako bitartekoak sortu: gazteak biltzeko aterpea eraiki, kirol herria garatu eta kultur eskaintza espezifikoak egin.
9. Droga menpekotasun prebentziorako plan integrala diseinatu eta garatu.


Egindako lana balorean jarri dute

Gaur egungo erronkei erantzuteko, ezker independentistak herrian gobernatu dituen urteak izan ditu gogoan Arratibelek, eta izandako lorpenak mahaigaineratu ditu: “aurretik gu bezala udalgintzan egondakoek hazi ederrak erein zituzten. Balorean jartzekoa da Arrasateko Udalak garaian gazteria batzorde propioa izatea, musika lokalak bideratzea, gazte bulegoa zabaltzea, sexologia zerbitzua eskaintzea, gaztetxea laguntzea, gazte txokoak garatzea…”.