Solasaldian zehar etorkizuneko ikuspegia partekatu eta landu zuen, unean-uneko eztabaidatik begirada altxatu eta Euskal Erkidego Autonomoan, Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Burujabearen eraikuntzan jauzi bat emateko garaian gaudela aipatu zuen. Horretarako, tradizio ezberdinen arteko bat-egitea da proposatutako bidea, tradizio bakoitzaren onena hartuz: ikastolen ikastetxe eredua eta eskola publikoaren sen berdinzalea.
Une honetan, sare bakoitzaren autoerreferentzialtasunean sakondu baino, sistema osoa eraldatzeko garaia dela nabarmendu zuen. Jauzi honek, EH Bilduk proposatzen duen estrategiaren lehen estadioan utziko gintuzke: Euskal Hezkuntza Zerbitzua egonkortuta. Fase honetan, eraldaketa pedagogikoan, inklusioan, euskara eta euskal kulturan eta Euskal Herrian ardaztutako eraldaketarako helburu eta estrategiak azaldu zituen solasaldian.
Martxan jarri beharreko tresnen artean, Udal Eskola kontseiluak aipatu zituen, tokian tokiko errealitatean eragin eta berauen ardura hartzeko; herri proiektuen, hezkuntza formal eta ez-formalaren arteko uztarketa bilatuko duten ekosistemak eratzea helburu.
Arrasateko EH Bilduk datozen lau urteetarako osatutako herri programan ardatzetako bat da hezkuntza. Herri kohesioan, aukera berdintasunean, euskara eta euskal kulturaren transmisioan eta finean Arrasate hezitzaileago baterako norabidean lan egiteko konpromisoa hartuta, hezkuntza formaleko eragileen arteko kooperazioa eta hezkuntza ez-formalarekin uztarketa bilatzeko ekosistema hezitzaile bat eratzea izango da helburua.
Horretarako, hurrengo neurriak proposatzen ditu:
● Udal Eskola Kontseilua aktibatu (ikastetxeak, tokiko elkarteak, udala) eskola eskaintzaren banaketa eta ikasleen eskolaratze orekatuan eragiteko.
● Arrasatek-Hezi proiektua berreskuratu, eguneratu eta egungo beharretatik garatu, herri hezitzailearen filosofia landuz.
● Hezkuntza teknikariaren figura berreskuratu.
Hezkuntza herri gisa amestu, landu, eraiki eta ekiteko eremua dela sinetsi eta zentzu horretan EHBilduk dagokion arduraz jarduteko konpromisoa hartua dauka.