AKTUALITATEA


| 2023-06-08 17:38:00

Ikasturte berriarekin batera estreinatuko du Bilgune berria Arrasateko EH Bilduk, hala eman du jakitera ezkerreko koalizio abertzaleak. “Arrasateko ezker independentiston elkargune berria behar genuela identifikatu genuen, eta buru-belarri jarri ginen lan horretan ikasturte honen hasieran”. Modu honetan, Lagunilla taberna bezala ezagutu izan dena “dinamika politiko eta sozialaz betetzeko” asmo betea erakutsi du taldeak, “hitz egin eta entzuteko gune bat” eskainiz, “eman eta jasotzeko espazioa”.

“Aro berri bati ekin genion ikasturte hasieran, jakitun hauteskundeetan gertatzen zena gertatuta, EH Bilduren proiektua indartu behar genuela, eta horretarako espazio berri, duin eta irekia behar genuela. Horren emaitza izan zen Bilgune berria eraberritzeko proiektua”.

Ikasturte osoan zehar landutako proiektua

Zurgin kantoian kokatzen den Lagunilla tabernak ia hamarkada bat darama itxita, eta Bilgunea egiteko obren baimenak 2022ko abenduan eskatu bazituzten ere, apirilean hasi zituzten eraberritze lanak. “Lagunilla izan zenaren espazioa berreskuratu eta eraberritzea helburu bikoitza izan da guretzat, alde batetik erabilera gabe zegoen espazio bat bizitzaz eraldaketarako ilusioz betetzea, eta bestetik, EH Bilduren proiektua erdigunean eta kalean kokatzea, herritarrekin harreman estuan”.