AKTUALITATEA


| 2023-05-24 21:37:00

Dozenaka lagun batu ditu gaur arratsaldean Arrasateko EH Bilduk Juan Arzamendi Musika Etxean (JAME)  “Zaintza Sistema” izenburupean egindako solasaldian. Gaia jorratzeko Maider Azurmendi izan da herrian, Matia Fundazioko Kooperazio Arduraduna eta Etxeko arreta eremuko koordinatzailea. Azurmendi gizarte langilea da, eta formakuntza zabala dauka gerontologiaren arloan. Solasaldia Iñaki Barrutiak gidatu du.

Bi gai nagusi izan dituzte jomugan solasaldian: pertsona nagusiak eta zaintza. “Badakigu zaintzarena ez dela soilik pertsona nagusiei dagokien eremua, bizitzako fase guztietan modu desberdinetan zaintza beharrak izaten ditugu pertsonok, zaintzeko ardura ere badagoen bezala”. 

Udalgintzatik eta komunitatetik egiteko lana

Zaintzak instituzioetatik komunitatearekin batera bermatzeko garrantziaz solastu da Maider Azurmendi, eta horretarako Usurbilgo eredua jarri du adibide gisa. Alde batetik Txirikorda proiektua bera, cohousing proiektu intergenerazionala, baina baita Matia Fundazioak martxan jartzekoa duen “zaintzadun etxebizitzen” edo etxebizitza independienteen erresidentzia ere. Guztiak, zahartzaro duina, erosoa eta autonomoa bultzatzen duten ereduak, zeharlerrotasunaren, korrespontsabilitatearen eta parte hartzearen printzipioak erdigunean dituztenak.. 

Zentzu honetan, prospektiba demografikoek adierazten dute zahartzaroan ematen diren zaintza beharrak areagotu egingo direla. Hain zuzen, “zahartzaroetaz” hitz egin eta hauek bizitzeko modu ezberdinak daudela nabarmendu nahi izan du. Zaintza beharrak asetzeko politikek ere modu ezberdin horiei erantzun behar dietela azpimarratu du, “Zaintza Sistema publiko komunitario baten eraikuntzaren erronkari” erantzunez.

Arrasateko Udaletik martxan jartzeko “hamaika” proiektu

Solasaldiaren ostean “koktela” egin du EH Bilduk bertaratu diren pertsonekin, eta espazio hau aukeratu du koalizioak Arrasaterako dituen neurrien berri emateko. Jasone Giraldo zerrendakideak hartu du hitza, eta zaintzaren erronkari “Udal politiketatik” heldu eta “pertsona nagusiak ere herriko dinamika politiko eta sozialaren protagonista gisa” aintzat hartuko dituztela nabarmendu du. Horretarako hainbat neurri aipatu ditu:

· Nagusien kontseilua sortzea
· Cohousing proiektu publiko komunitarioa: gazteen emantzipatzeko ezintasuna, eta adineko pertsonen bakardadeari aurre egiteko. 
· Zaintzaileak zaindu:

· Ordaindutako zein ordaindugabeko zaintzaileak babesteko programa. 
· Zaintza lanen eta horien erantzukizunen banaketa erantzukidea sustatzeko: sentsibilizazio eta prestakuntza kanpaina.
· Zaintza eta etxeko langileentzako eta kontratatzaileentzako aholkularitza eta bitartekaritza zerbitzu publikoa eta doakoa.
· Zaintza lanak egiten dituzten enpresen klausulak berrikustea eta beste eredu batzuk sortzeko aukera aztertzea. 
· Arreta soziosanitariko doako formakuntza etxeko langileentzat

· Zaintza sare komunitarioak osatzeko adin, kolektibo eta eragile desberdinen arteko espazio komunak lantzea.


Zeharlerroan lan egitearen garrantzia

Udalgintza zeharlerroan ulertzeko eta eragiteko beharraz mintzatu da Maider Morras. Nagusien politikak, “beste politika batzuen antzera” batzorde ezberdinetan lantzeko beharra eta aukera ikusi du. Horretarako proposamen ezberdinak aipatu ditu, besteak beste, auzoetan irisgarritasuna hobetu eta udal zerbitzuak gerturatzeko proposamena, zahartzaro aktiboa sustatuko duen kirol politika eta azpiegiturak egitea, feminismoetatik egingo den lana edo eta mugikortasunari lotuta herri barruko zein eskualdeko konexioei dagokien autobus lineak berrikusi eta zerbitzu hobeagoa eskaintzeko eragile lana egiteko konpromisoa.