AKTUALITATEA


| 2022-07-20 17:09:00

Juan Arzamendi Musika Eskolaren obraren epea luzatzeko eskaeraren aurrean astearteko plenoan Arrasateko EH Bildu udal talde hautetsiok aldeko botoa eman genuen. Construcciones Moyua, SL enpresak hirugarren aldiz eginiko luzapen eskaeraren aurrean Udal Gobernuaren aldetik jarrera aldaketa sumatu dugulako.

EAJ-k askotan leporatu izan digu Construcciones Moyua, SL-rekin Udalak duen kontratuko baldintzak osotasunean betetzea eskatzeagatik, hau da, obraren atzerapen egun bakoitzeko zegokion penalizazio ekonomikoa erreklamatzeko eskatzeagatik, proiektuaren kontra gaudela.

Baina behin eta berriz azaldu dugun moduan, diru publikoaren kudeaketa arduratsua egiteko konpromiso sendoa dugu, proiektua edozein dela ere.

Badirudi oraingo honetan, Udal Gobernuak ez duela luzapen hau justifikatuta dagoenik ikusten eta, ondorioz, baldintzatutako luzapena onartzen diola, obra bukatzean penalizatzeko aukera baztertu gabe.

Zer gertatu da orain EAJ-PSE-k iritzia aldatzeko? Beraiek ere proiektuaren kontra al daude?

Kudeaketa arduratsua egiten denean Arrasateko EH Bilduk errazteko duen jarrera pasa den asteartean ere begi-bistan gelditu zen. Hain zuzen ere, JUAN ARZAMENDI MUSIKA eskola Arrasaterentzat, arrasatearrentzat eta kulturarentzat proiektu garrantzitsua dela
azpimarratzen dugu beste behin ere.