Herriaren eta auzoen ezaugarriak kontuan hartuta, eta baita mundu mailan ematen ari diren aldaketak aintzat hartuz, ezinbestekotzat jotzen du Arrasateko EH Bilduk mugikortasunaren gaiari lehenbailehen eta modu integralean heltzea. Arrasatearren beharretan eta herriko errealitatean oinarrituta, hurrengo neurriak proposatzen ditu:
1. Erguin, Gorostiza edota Makatzena bezalako auzoetan igogailu edo ranpak eraikitzea irisgarriagoak izan daitezen.
2. San Andres auzoan Doctor Bañez kalea birmoldatzea.
3. Hiri autobus lineen berrikuspena eta herritarren beharretara egokitzea, denon eskura egon daitezen.
4. Autobus geltoki duin bat izateko lanketa herritarren errealitatea aintzat hartuz
5. Arrasateko bidegorria osatzeko falta diren atalak garatzea: Zerrajera-Zalduspe-Musakola eta Gelma-Musakola.
6. Bizikletentzako aterpeak jartzea herrian zehar. Horretarako baliagarriak izan daitezkeen lokal hutsak aztertzea.
7. Aparkaleku disuasorioen azterketa eta proposamena, erdiguneko trafikoa arindu eta Arrasatera lanera edo ikastera datozenei aparkatzeko erraztasunak eskaintzeko.
8. Mugikortasun jasangarria sustatzeko kanpaina bateratua erakunde eta enpresekin. Neurri zehatzen artean egon daitezke autobus lineak antolatzea, lanera bizikletan joateko erraztasunak eskaintzea, auto partekatuaren sustapena, …
Helburua: Arrasate irisgarri eta iraunkorragoa
Arrasateko EH Bilduk, herri mailan mugikortasunak suposatuko duen erronkari gaurdanik heltzeko proposamena mahai gainean jartzen du neurri hauek aurkeztuta. Autobus zerbitzu publiko eraginkorrak, ibilgailuen elektrifikazioa, bidegorri sarea handitzea, edota oinezkoen segurtasuna bermatzea dira besteak beste, hartu beharreko neurriak koalizioaren esanetan. Gauzak honela, mugikortasuna erdigunean kokatu, eta politika eraginkorrak martxan jarri beharra nabarmentzen du.
Santamaina auzoan su hartu zuen autobusarena, ez da gertaera isolatu bat
Proposamen guzti hauez gain, pasa den astean Santamaina auzoan hiri autobusarekin gertatutakoa mugikortasunaren gaia dagokion bezala ez kudeatzearen adibide gisa ikusten du koalizioak. Zorionez kalte pertsonalik gertatu ez bazen ere, bidaiarien eta gidariaren bizitzak arriskuan egon ziren. Ez zen gertaera isolatu bat izan, jakina baita arazoa ugari egon direla zerbitzuarekin. Zentzu horretan ezinbestekotzat jotzen du Arrasateko EH Bilduk zerbitzu honen kudeaketan ere jarraipen estua egitea, eta behar diren neurriak garaiz hartzea, kasu horretan bezala, ondorioak gehiagora joan ez daitezen.