Arrasateko EH Bilduk eta Elkarrekinek arduraz eta konpromisoz hartzen dugu datorren legegintzaldian Arrasateko Udala gobernatzeko eginkizuna. Zentzu honetan, elkarlanean eta jarrera eraikitzailean oinarritutako proiektua garatu nahi dugu eta gobernuaren barnean zein kanpo eragile eta herritarrekin lan egiteko moduari garrantzia berezia eman nahi diogu.
Hori dela eta, EH Bildu eta Elkarrekin-en artean 4 urtetarako sinatutako gobernu akordio honen bidez osatuko dugun Udal Gobernuan printzipio hauetan oinarritutako lan filosofia garatuko dugu:
- Gobernuan sartzen garen alderdi eta ordezkariok elkarlanean lan egingo dugu eta elkarrekiko errespetuz jardungo dugu.
- Tokiko Gobernu Batzordea izango da Udal Gobernuko erabakiak hartzeko espazioa eta bi alderdietako ordezkariak izango ditu.
- Adostasuna eta elkarlana izango dira koalizio gobernuaren oinarri eta funtsa.
- Gai estrategikoetan, Tokiko Gobernu Batzordea gaindituko duten adostasunak bilatzeko borondatea izango dugu.
- Osatuko dugun gobernuak, udalaz gaindiko parte hartzea bultzatzeko konpromisoa hartzen du.
- Udal Gobernuaren baitan jarrera sexistarik ez eduki eta ez onartzeko konpromisoa hartzen dugu, baita ustelkeria kasu edota boterearen erabilera pertsonalik ez egiteko konpromisoa.
AKORDIO PROGRAMATIKOA
Ikuspegi integrala izango duen proiektua garatu nahi dugu, osotasunari erantzuteko programa behar dugulakoan gaude eta horri erantzungo dion Udal egitura da proposatuko duguna. Horrez gaiz, datozen hilabeteetan, legegintzaldiko Gobernu Programa bat osatuko dugu, 4 urteak hartuko dituena eta plangintza batekin osatuta egongo dena.
1.- Auzoak eta obra, zerbitzu eta mantenua:
Auzoetako ezaugarri eta behar propioei erantzuteko lan egingo dugu: Auzoetako zinegotzi bat jarriko dugu, auzoekin zuzeneko komunikazioa izateko batzordeak antolatuko ditugu eta zeharlerro gisa landuko ditugu bertatik jasotako informazio, behar eta proiektuak.
2.- Hirigintza, trantsizio ekologikoa eta mugikortasuna:
Hirigintzatik balio eraldatzaileen mesedetan lan egingo dugu, auzoetako irisgarritasuna hobetzeko azpiegitura berriak egin eta etxebizitza-zerbitzu publikorako bulegoa jarriko dugu martxan, etxebizitza legeak ezarritakoa garatuko dugu. Mugikortasunari dagokionean, T.A.O.k beharrezko dituen hobekuntzak egingo ditugu eta autobus sare duinak jarriko ditugu martxan (autobus lineen berrikuspena, ibilgailuen berritzea) eta autobus geltokiaren inguruko lanketa egingo dugu. Trantsizio ekologikorako laguntza bulegoa abiatuko dugu.
3.- Kultura:
Kultur eragileak eta sortzaileak Arrasateko bizitza kulturalaren protagonista izateko lan egingo dugu eta kultur eskaintza zabala, anitza eta deszentralizatua garatuko dugu (diziplinak, adinak, auzoak, espazioak).
4.- Kirola:
Kirol azpiegiturak berrizteko lanak antolatu eta aurrera eramango ditugu, kirola azpiegitura zehatzetatik kanpo herrian eta naturgunean ere garatzeko aukerak sortuz.
5.- Ogasuna:
Progresibitatea izango da zerga politika markatuko duen norabidea, ikuspuntu birbanatzailea eta progresiboa landuz, ahalmen ekonomiko gehien duenak ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar du gutxien duenaren mesedetan.
Aurrekontuei dagokienean, aurrekontu parte hartzaileek duten garrantzia alde batera utzi gabe eta herri gobernantza kooperatiboan lehen urrats gisa ulertuta, beste urrats bat emango dugu. Udalgintza herrigilea oinarri hartuta eta gobernantza kooperatiboan sakonduz, legegintzaldi honetan jauzi bat eman behar dugu, haatik erdigunean aurrekontu parte hartzaileak jarri beharrean, herri proiektuak edota legegintzaldiko planak jarriko ditugu, baldintzak ematen badira, anbizio osoz, gobernantza kooperatiboan maila bat igoaz.
Bestalde, aurrekontuaren gauzatze mailari jarraipena egingo zaio, aurrekontuak egiteko prozesuak bezain garrantzitsua baita egindako lanaren jarraipena egitea.
6.- Pertsonak eta udal langileak:
Interinitate tasa jaitsiko dugu, legeak baimentzen duen gehieneko kopuruan, eta hutsik dauden lanpostu estrukturalak beteko ditugu.
7.- Euskara:
Udaletik mugimendu euskaltzaleak behar duen arnasberritzearen eragile eta hizkuntza politika egokien sustatzaile izango gara, euskararen plan integrala garatuz eta euskara zehar lerro izateko lana eginez, udaletik barnera eta kanpora.
8.- Ongizatea:
Zaintzaileak zaintzeko proiektua garatuko dugu, ordaindutako zein ordaindugabeko zaintzaileak babesteko programa garatuz, zaintza eta etxeko langileentzako eta kontratatzaileentzako aholkularitza/bitartekaritza zerbitzua sortuko dugu. Gainera, zaintza lanak egiten dituzten enpresen klausulak berrikusi eta beste eredu batzuk sortzeko aukera aztertuko dugu.
9.- Feminismoa eta LGTBI+:
Emakume Txokoaren kokaleku berrirako eta eraldaketarako proiektua garatuko dugu Txoko Feminista bilakatu eta LGTBI+ ildoa txertatuz, horretarako baliabide pertsonal eta ekonomikoak bideratuko dira. Horretaz gain, feminismoa udalean zehar lerro izateko lan egingo dugu eta horretarako batzorde guztiak ordezkatuta egongo diren mahai bat osatuko dugu, sail bakoitzaren berdintasun planak eta irizpideak baloratu, berrikusi eta plan estrategikoa garatzeko.
Arrasateko eragile feministekin elkarlanean herri feminista eraikitzeko ituna sustatuko dugu udaletik.
10.- Tokiko ekonomia eta enplegua:
Udalerrian ditugun ekonomia sektore ezberdinei erantzuna eman, eta garai berrietara egokitzeko bitartekoak jartzeko konpromisoa hartzen dugu.
Lehen sektorean transmisioa eta hau garatzeko bitartekoak jartzen lagundu
Bigarren sektorearen eraldaketa energetikoan inplikatu eta elkarlanean soluzioak bilatu
Hirugarren sektorean, tokiko merkataritza eta ostalaritza berraktibatzeko eta babesteko ekimenak egingo ditugu.
11.- Hezkuntza eta belaunaldiartekotasuna:
Udal Eskola Kontseilua martxan jarriko dugu eta hezkuntza formal eta ez-formaleko eragileen, elkarteen eta familien elkarlanetik Arrasaterako proiektu hezitzailea garatuko dugu, gizarte kohesioan urrats esanguratsuak emateko konpromisoa hartuta. Besteak beste, Arrasateko haur eta nerabe guztiek hezkuntza ez formaleko eskaintzetan parte hartzeko aukera izan dezaten lan egingo dugu. Gazte politikak berrikusi eta nagusien kontseilua sortuko dugu.
12.- Bizikidetza:
Bizikidetza batzordearen inguruko hausnarketa bat sustatuko dugu, oinarri komun berritu bat jarri, egiteko ditugun lanak identifikatu eta lan lerro honetan emateko ditugun urratsak guztion adostasunarekin eman.
UDAL GOBERNUAREN OSAKETA
Alkatetza eta alkate ordeak
- Alkatea: Maider Morras Azpiazu
- Lehen alkateordea: Kepa Urteaga Garcia
- Bigarren alkateordea: Garazi Etxeberria San Miguel
- Hirugarren alkateordea: Jasone Giraldo Menendez
- Laugarren alkateordea: Eva Abuin Bideburu
Batzordeak eta batzordeburuak
1.- Auzoak eta obra, zerbitzu eta mantenua: Kepa Urteaga Garcia
1.1 - Auzoetako arduraduna: Mikel San Miguel Merino
2.- Hirigintza, trantsizio ekologikoa eta mugikortasuna: Garazi Etxeberria San Miguel
3.- Kultura: Andoni Arratibel Garcia
4.- Kirola: Asier Murguzur Bolinaga
5.- Ogasuna: Joseba Ezpeleta Irizar
6.- Pertsonak eta udal langileak: Kepa Urteaga Garcia
7.- Euskara: Joseba Ezpeleta Irizar
8.- Ongizatea: Jasone Giraldo Menendez
9.- Feminismoa eta LGTBI+: Eva Abuin Bideburu
10.- Tokiko ekonomia eta enplegua: Jaime Bengoa Madina
11.- Hezkuntza: Jasone Giraldo Menendez
12.- Belaunaldiartekotasuna: Gladys Fernandez Urizar
13.- Bizikidetza: Jasone Giraldo Menendez