AKTUALITATEA


| 2023-05-04 20:48:00

“Kiroldegitik, kirolaren herrira” lelopean aurkezten da EH Bilduk Arrasaterako proposatzen duen Kirol Herria proiektu integrala.

Ostegun honetan aurkezpen bisita batekin aurkeztu du Arrasateko EH Bilduk Kirol Herria, kirolari lotutako proiektua. Bisita gidatua Monterronen hasi eta Musakolako kiroldegian amaitu da, bidean proiektuari lotutako hainbat proposamen azalduz.  

Kirola herri osoan zehar zabaldu eta hedatzeko helburuarekin jaiotzen da Kirol Herria proiektua. Hiru kirol instalazio nagusiez gain, ibilbide naturalak eta herriko hainbat kirol espazio egokitzeko beharra jasotzen du proposamenak, guztiak kirola egunerokotasunera eramateko proposamen gisa. 

Horretarako herria kirola egiteko beharretara “egokitzea” ezinbesteko ikusten dute. Ekuazio horren parte kokatu dute bizikletaren erabilera. Bizikletaren erabilera segurua bermatu, kirol instalakuntzak lotuko dituen sarea marraztu eta aparkalekuak zein gordeleku munizipalak jartzeko asmoa agertu dute. 

Horrez gain, auzoek ere paper garrantzitsua izango dute pertsona nagusiei gertuko kirol eskaintza emateko. Auzoetako espazio multidisziplinarrak kirol egitasmo ezberdinetarako erabiliko dira gertutik gertura, adindunek ere,  kirola egiteko.  

Hiru kiroldegiz osatutako kirol instalazioen bizkarrezurra

Musakolako Kiroldegi berria egitea “betebehar” bat dela adierazi du EH Bilduk. Urte asko daramatza egoera txarrean, eta azken 8 urteetan ez da aurrera pausorik eman hau berritzeko. Kiroldegi funtzionala eta “zentzuduna” defendatu du koalizioak, epe ertainera eraiki ahal izango dena, eta herria zorpetze “jasanezin” batera eramango eramango ez duena.

Uarkape eraikina ere bizkarrezurrean kokatzea aurreikusten dute,  hemen aldagelak berriztuz, gela multifuntzionalak egokituz eta hutsik dauden espazioei bizitza emanez. Azkenik, Iturripeko kirol espazioa ere eraberritzeko asmoa jasotzen du Kirol Herria proiektuak, lehentasunak markatuz eta auzokideei gimnasio zerbitzua eskainiz.

Mendi ibilbideak eta BTTa

Arrasate inguratzen duten mendien ibilbide naturalak era kirol estrategiaren parte izatearen beharra azpimarratu dute. Kirol instalazioez harago, Arrasatek badituelako espazio natural ugari kirola egiteko, baina hauek ez dira, koalizioaren ustetan, ezagutzera eman. Horregatik, mendi ibilbideak ezagutzera eman eta BTT bideak arautu eta sustatuko dituen udal ordenantza bat egitea ere jasotzen du proiektuak. 


Kirola osasunerako eta bizikidetzarako tresna

Kirol Herria proiektuak kirola gizarte onurarako tresna gida izatea ere jasotzen du. “Kirola hizkuntza unibertsala da, kohesiogilea eta herritar zein kirol taldeen saregilea; jendarteko ezberdintasunak eta bazterketak gainditzeko balio dezakeena”. Integrazioa, genero berdintasuna edo euskalduntasuna lortzeko “potentzial handiko” tresna izanik, eragileekin elkarlan bideak irekiko dituztela adierazi dute.