AKTUALITATEA


| 2023-05-17 20:08:00

Arrasateko Monterron Jauregi aurrean egin du Arrasateko EH Bilduk Herri Programaren aurkezpena. Lekua, hain justu, propioki aukeratua izan da koalizioaren esanetan, jauregia “herriarentzat irekia” izatea nahi duelako. 

Modu berean proposatu dute gobernatzeko modua, “herriari irekia eta parte hartzailea” izatea nahi dutela. Izan ere, "Arrasate itzalita" dagoela uste du koalizioak eta hau berpizteko politika eraginkorrak lehenbailehen martxan jarriko dituela iragarri du, udal konpetentziei ahalik eta etekin handiena ateratzeko.

Monterronen heziketa-gunea eta belaunaldien arteko topalekua

Monterron jauregia “herriarentzako eraikina, haur, gazte eta familientzako topagune hezitzailea” izatea nahi du Arrasateko EH Bilduk. Hala, arrazoitu du Eñaut Arriaran hautagaiak “Arrasaten hazi eta hezi garenontzat Monterron berezia da dudarik gabe. Bertan dagoen jauregian izan ditugu liburutegiak, margo eskolak, musika eskola… Eta irailetik aurrera ere funtzio soziala betetzen jarraitu dezala nahi dugu. Monterron herriaren eta naturaren arteko elkargunea da, belaunaldi eta adin desberdinetako herritarrak elkartzeko lekua, heziketarako, kulturarako, aisialdirako eta naturaz gozatzeko eremu oso aberatsa". Horretarako, familia guztiak haurrekin elkartzeko txoko irekia eta Arrasatek Hezi proiektuaren erdigunea izango dela berretsi dute, Monterron gizarte kohesiorako eta ingurunea herriari ireki eta egokitzea ezinbestekoa dela iritzita, Monterron eraikina eta parkea eraberritzeko plana ere iragarri dute. 

Tokiko merkataritza berraktibatzea

Arrasate bizia lortzeko ezinbesteko urratsa dela defendatu dute tokiko merkataritzaren berraktibazioa. Jaime Bengoak hartu du hitza, eta merkataritzaren egungo erronkei aurre egiteko “gakoak” azpimarratu ditu: "Digitalizazioari, trantsizio energetikoari eta errelebo generazionalari" erantzuna eman behar zaiola, hain zuzen. Horrez gain, merkataritzarako bestelako neurri eta proposamenak  zerrendatu ditu: egungo kontsumo eredua eraldatzeko politikak, merkatari eta ekintzaileei “pizgarri ekonomiko eta fiskalak" erraztea, aholkularitza zerbitzuak eskaintzea, lokalak berreskuratzeko proiektuak garatzea (adibidez alokairuak erregulatuta), erakusleihoak berreskuratzea, lokal hutsak betetzeko alternatiba ezberdinak aztertzea edo eta zerbitzuak kalera ateratzeko aukerak ematea”. Horretarako, merkataritza berraktibatzeko plangintza estrategiko eta integrala iragarri du koalizioak, herrian kontsumitu eta gozatzeko kaleetako kultur eta aisialdi eskaintza aktibatzearekin batera.

Kirol herria, kirol eraikin berriak eta askoz gehiago

Kirol Herriaren egitasmoa kirol elkarteetako ordezkari zein herritarren aurrean aurkeztu bazuten ere, berretsi dituzte orduan iragarritako neurri zehatzak ere, hala nola: Musakola eta Iturripeko kiroldegiak instalazio duinak izan daitezen beharrezko  eraberritzea burura eramatea eta horrekin batera, kirola herri osoan eta herritar ahalik eta gehiengana iristeko egitasmoa:   kirola inklusiorako bidea izan dadin, adin guztietako pertsonek etxetik gertu praktikatzeko aukera izan dezaten. Azken finean, erraztasunak eman nahi dizkiete herritarrei kirola praktikatzeko, bai ekonomikoki, azpiegitura mailan, baina baita gestio mailan ere. Zentzu horretan herriko kirolaren bihotza diren kirol klubekin elkarlana ezinbestekoa dela azpimarratu dute. 
 
Auzogintza, auzotar eta elkarteekin auzo biziak 
 
Auzoek herriaren erdiguneak bezala bizi duten egoeraren aurrean, horiek biziberritzeko lana premiazkoa dela iritzita, neurri sorta ere iragarri dute:   aldapan dauden auzoen irisgarritasuna hobetzeko Erguinen, Gorostizan eta Makatzenan ranpak eta eskailerak ezartzeko proiektuak, igogailuen funtzionamendu egokia bermatzeko udal brigada berezia,  landa auzoetan digitalizazioa eta irisgarritasuna hobetzeko neurriak, Udal zerbitzu batzuk auzoetara gerturaturatzeko ekimenak, auzo alkatetzak funtzioz bete eta udaleko Auzoetako Batzordea berreskuratzea, besteak beste. 

Etxebizitza  zerbitzu publikorako bulegoa eta Cohousing proiektu komunitarioa

Etxebizitza premia gero eta larriagoaren aurrean eta bereziki gazte eta sektore zaurgarrienen etxebizitza eskubidea bermatu eta errazteko neurri ugari iragarri dituzte: etxebizitza parkearen azterketa eta berrantolaketa, La Merced-eko Cohousing proiektu publiko komunitarioa, larrialdietako etxebizitzak, alokairurako diru-laguntzak edota birgaitzeetarako diru-laguntzak martxan jarriko dituztela iragarri dute. 

Herri euskalduna, plurala eta feminista

Arrasatek "herri euskalduna izaten jarraitzeko, egungo jendartearen  aberastasun kulturala jaso eta elkarren aitortza eta bizikidetza oinarri hartuta, euskara arrasatearrak batu eta elkartuko gaituen kohesio tresna izateko" lan egingo dutela iragarri dute. Horretarako, euskararen plana eta udal ordenantza martxan jarri eta euskararen doakotasuna bermatuko dutela ere iragarri dute.  

Feminismotik politika eraginkorrak sustatu eta neurriak ugari ere iragarri dituzte: Arrasateko Indarkeria Matxistaren Aurkako Plana kajoitik atera, Emakume Txokoari dagokion leku duina behingoz eman, sektore feminizatu eta prekarizatuetako emakume* langileak babestu eta berdintasunaren eremutik feminismoetara jauzi egin eta LGTB+  ildoa udal politiketan txertatzea, besteak beste. 

Arrasate bizia, gobernatzeko eredu baten emaitza 

Amaitzeko, Maider Morras alkategaiak azpimarratu du pertsonak direla EH Bilduren herri programaren ardatza, herritarrak. "Guztion artean eraikiko dugun Arrasate bizia behar eta merezi dugula eta Arrasateren identitatea, garai bateko bizitasuna eta ekintzailetasuna berreskuratu eta berriz ere herri aitzindaria izatea lortuko dugula" gehitu du, "Arrasate gaurdanik biziberritzeko konpromisoa" berretsiz eta hori errealitate bihurtzeko "borondatea eta gogo erabatekoa" agertuz.