Aurten ere, erantzukizunez abiatu dugu aurrekontuen lanketa eta jarrera eraikitzaile batetik udal gobernuarekin negoziazio prozesu bat ireki dugu.
Udal Gobernuak bere aurrekontu proposamena aurkeztu zigun eta egindako proposamenak arretaz aztertu genituen, eta lehenengo dokumentuari egindako balorazioa hurrengo ideitan laburbildu daiteke:
1.- Udalak aurkeztu duen aurrekontu proposamena motela eta edukietan eskasa iruditu zaigu.
2.- Anbiziorik gabeko aurrekontua da, hurrengo legealdia baldintzatu nahi ez duen oinarri horretan, datorren urterako aurreikusten diren partidek ez daukate inolako berrikuntzarik.
3.-Aurrekontu honek ez die gizarte eta herri bezala dauzkagun erronkei erantzuten.
Hau esanda, dokumentua jaso ondoren, gure ekarpenak aurkeztu dizkiogu Udal gobernuari, batetik, aurrekontu proposamena hobetzeko eta, bestetik, Arrasatearrok ditugun beharrei erantzutetik hurbilago dauden aurrekontuak lortzeko helburuarekin. Gure proposamenak bost zutabe nagusitan banatu ditugu. Uste dugu zutabe hauek herriko eta herritarren beharrei erantzuten dietela.
Honakoak dira 5 zutabeak:
1. Ekonomia
2. Herri zaintza - herri hobea
3. Trantsizio energetikoa eta ekologia
4. Kultura eta euskara
5. Ongizatea, justizia soziala eta berdintasuna
Zutabe horietako bakoitzean eragin nahi dugunez, bloke bakoitzean aurrera pausuak emateko saiakera egin dugu aurtengo aurrekontu prozesuan. Aurkeztutako bost zutabeetatik bik proposamenen erdia baino gehiago biltzen dituzte: "Trantsizio energetikoa" eta "Ongizatea, justizia soziala eta berdintasuna".
Izan ere, 2023rako aurrekontuak egiterako orduan, bizi dugun testuinguru politiko eta sozioekonomikoa kontutan izan behar dugu. Krisi anizkoitz bat bizi dugu, ezegonkortasuna eta ziurgabetasuna areagotu egin dira azken urteetan, asko eta asko dira gaizki pasatzen ari diren herritarrak, eta aterabideak norabide aldaketa bat eskatzen du, zeinak politika publiko berritzaile eta ausartak egitera behartzen gaituen. Eta hau bereziki bi zutabe hauetan islatu behar da: trantsizio ekologikoa eta justizia soziala.
Funtsezko bi zutabe hauetan egindako proposamenetatik, EAJ eta PSEk ez dute proposamen bat bera ere onartu. Honek herritarren egungo beharrak asetzetik urrun daudela adierazten du. Eta ondorioz, ezin diegu babesa eman aurrekontu hauei.
EKONOMIAN momentu kritikoan aurkitzen den merkataritzarekin lotutako proposamenak sartu ditugu, edo turismo jasangarriari lotutako proposamenak, ekimen ekonomiko, sozial eta kulturalentzako bestelako proposamenak ere bai. Guztiak herriko ekonomia txikia indartzera begira. Atal honetan bereziki nabarmenduko genuke “merkataritza berraktibatzeko plana”. 2017an egin zen alor honetako azken plana, baina plana egitea ez da nahikoa, plana egin eta aktibatu egin behar da. Arrasateko kaleen egoerak adierazten digu ekin egin behar dela, komertzioen etengabeko itxieraren aurrean bertako merkataritza biziberritzeko eta merkataria zaintzeko ekinbideak behar ditugu.
HERRI ZAINTZAri dagokionez, askotarikoak dira gure proposamenak. Alde batetik, Arrasateko ondare historikoaren kuantifikazioa, zaintza eta ezagutza zabaltzeko proposamenak sartu ditugu: ondare historikoaren inbentarioa eskatuz eta Portaloiko atearen eta Zerrajerako arkuaren eraberritzeak eskatuz. Bestetik, herria ikuspegi hezitzaile eta integral batetik lantzeko “Arrasatek Hezi” proiektua berreskuratzeko eskatu dugu. Baita Hileta Zibilentzat espazio estalia aldarrikatu ere. Gehiegi luzatzen ari da herritarren agur zibilak burutzeko espazio duin baten gauzapena.
TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA EKOLOGIKOAn, lehen urratsak emateko hainbat proiektu proposatu ditugu. Alde batetik, trantsizio plana lantzeko orduan garrantzitsuak diren azterketak egitea eskatuz, eta, bestetik, herritarrek krisi energetikoaren aurrean berehala eman ditzaketen urratsak ematen laguntzeko bulego informatiboa proposatuz. Besteak beste, gas eta elektrizitate faktura eta kontsumoak ulertzeko informazio gunea izateko bokazioaz gain, tarifen eta konpainien migrazioetan lagunduko luketen teknikariez osatuta egongo litzatekeena. Bestetik, NEXT GENERATION diru-laguntza baliatzea eskatu dugu Mojategiko argiteria aldatzeko. Gaur gaurkoz, Arrasateko instalazioen artean gehien kontsumitzen duten argiteriak dira, teknikarien esanetan.
EUSKARA ETA KULTURAren esparruan hainbat proiektu martxan jartzea eskatu dugu. Alde batetik helduentzako euskara ikasketak doakoak izateko eskatu dugu. Euskara ikasteak ez luke ordainpekoa izan beharko. Norabide berberean, nerabe eta etorri berri direnekin aisialdiko euskarazko eskaintza indartzeko ekimenak eskatu ditugu. Euskararen ezagutzan eta erabileran atzeraldia eman da azken urteetan. Udaletik ekimenak burutu behar ditugu euskararen ezagutza eta erabileran urratsak aurrera eramateko eta horretarako baliabideak gehitu eta erraztasunak eskaini.
Kulturari dagokionez, alde batetik bi kultur eraikin berriei lotutako proposamenak jaso ditugu. Izan ere, EAJ/PSE eraikinak egitearekin konformatu dira, eraikin hauen baitan sortzen den potentzial kulturalari eta sozialari bide emateko inolako anbiziorik gabe. Kultur eragileen arteko sinergiak zein kultur produkzioa bultzatzeko eta, ondorioz, Arrasateko kulturgintzak herrian duen eragina areagotzeko Kulturolarako dinamizazio zerbitzua eskatu dugu, eta JAMErako Sormen Beka bat eskatu dugu, egonaldi artistikoa bertan gauzatu dadin. Azkenik, kulturari lotutako udal zerbitzuak indartzeko bi ekimen proposatu ditugu: batetik, auzoetako zein herriko jaietarako, edota Udalak zein eragileek antolatzen dituzten ekimenetarako, aulki eta mahaien erosketa eskatu dugu. Eta bestetik, Amaia Antzokian konponketak egiteko partida bat.
ONGIZATEA, JUSTIZIA SOZIALA ETA BERDINTASUNAri lotutako proposamenak txostenaren %44 dira. Ia proposamen guztien erdiak. Gizarte ezberdinkeriak areagotzen ari diren honetan, gizarte politika aurreratu eta komunitarioak martxan jarri behar ditugu, asistentzialismotik harago gure herrikideei berdintasunean bizitzeko mekanismoak eskaintzeko ahalegina egin behar dugularik.
Etxebizitzari lotuta, etxe hutsen azterketa egiteko eskatu dugu, Arrasateko egoera ezagutzeko. Azken azterketa 2012koa baita.
Berdintasunean emakume txokoaren leku-aldatzea eskatzeaz gain, “Andredetan” programa berraktibatzea eta aurrekontuetan genero azterketa txertatzeko eskatu dugu.
Gazte alorrean, aisialdi denboran gazte taldeak kalean egoera duinetan egoteko aukera eskaintzeko aterpe bat sortzeko eskatu dugu. Horrez gain, lanketa hezitzaileak indartzeko partidak ere eskatu ditugu.
Justizia soziala eta ongizateari lotuta, ekimen eta diru-laguntza ezberdinak bideratzeko eskatu dugu. Diru-sarrera baxuak dituztenek psikologia zerbitzuak ordaintzeko diru-laguntza partida eskatu dugu. Baita eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ahal izateko diru-laguntzak ere. Edota bizikidetza gatazkak bideratzeko bitartekaritza zerbitzua. Neguko aterpetxea ere eskatu dugu, bigarren legealdia izango da Arrasaten aterpe gabe gaudena. Azkenik, Iturbide egoitzaren kanpo aldea egokitzeko partida eskatu dugu, izan ere, pasa den urtean proiektua idazteko akordioa lortu genuen, baina Udal Gobernuak proiektua kajoian sartu eta ez du gauzatu nahi.