AKTUALITATEA


| 2025-02-27 14:32:00

Urkabustaizko Udalak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio Toki Erakundeen egungo finantziazio eredua eguneratzeko eta urteko ekarpena handitzeko. Hala jasotzen da atzo, asteazkena, egindako osoko bilkuran onartutako mozioan. Mozio horretan honako hau eskatzen da: "Arabako Foru Aldundiak Toki Erakundeak Finantzatzeko FOFEL Funtsak dituen baliabideen ehunekoa handitzea, Arabako kontzejuen, udalen eta kuadrillen finantzaketa ahalik eta bidezkoena, justuena eta beharrezkoa izango dela bermatzeko; modu horretan gure gizarteak egun dituen erronka handiei erantzun ahal izateko".

Mozioaren testuan jasotzen denez, azken hamarkadetan, Udalaz gaindiko erakundeek onartutako hainbat legeren ondorioz eta urteetan zehar sortu diren gizarte premia berrietatik ere eratorritako zerbitzuak eta eskumenak hartu behar izan dituzte bere gain EAEko Toki Erakundeek. Hala ere, Arabako Toki Erakundeen finantziazioa jaso eta ezartzen duen arauak eta horiek banatzeko irizpideek 27 urte baino gehiago daramatzate eguneratu gabe.

Horregatik, Urkabustaizen ustez, FOFELen araua aldatzeko unea iritsi da; eta, horretarako, Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio sei hilabeteko epean aurkez dezala FOFELen Foru Araua aldatzeko proposamena, 2018an garatu zen ponentziaren ondorioetan oinarritutakoa. Horrez gain, eguneratze prozesu horretan Toki Erakundeak kontuan hartzea eskatzen du; eta, horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde mailen eskumen propioen eta finantzaketaren azterketa orokorrari buruzko dokumentua berrikusi dezatela.

Horrez gain, ‘Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde maila desberdinen eskumen propioen eta finantzaketaren azterketa orokorra’ dokumentuan ezarritako gomendioak betetzea eskatu du, eta EUDELi eskatu dio udalen interesa defendatzeko dokumentu hori berrikusteko 3 hilabeteko epean.