EH Bilduk Arabako Foru Aldundiari eta Etxebizitza Komunitarioen hitzarmenaren negoziazio prozesuan buru zain dadila eskatu dio berriro. Izan ere, atzo jakitera eman zen Patronalak ultimatum bat egin duela hitzarmenaren negoziazioan eta ekaina hasieran mahai negoziatzailean egindako proposamena behin betiko proposamen bat dela iragarri du.
Egoera horren aurrean, EH Bilduk Gizarte Politiken Foru Diputatuari galdetu dio zer egingo duen datozen hilabeteetan negoziazioari eusteko. Era berean, galdetu du ea zer egin duen azken hilabeteetan negoziazioak aurrera egiteko eta nola baloratzen duen patronalak alor sozialari emandako azken erantzuna.
EH Bilduk azpimarratu duenez, hitzarmen hori lortzeak berebiziko garrantzia du sistema publiko komunitarioa eraikitzeko. “Bide horretan aurrera pausoak ematen ditugun bitartean, ezinbestekoa zaigu zaintza-lanak duintzea eta lan-baldintzak egokiak izatea. Bide hori behar bezala urratzeko ezinbestekoa izango da hitzarmen bat izatea”, adierazi du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak.
Hori dela eta, 2025. urterako Foru Gobernurekin EH Bilduk adostu zuen aurrekontu akordioari esker, datozen hiru urteei begira, 6.000.000€ bideratzea lortu zen. Arabako Erresidentzia pribatu eta Etxebizitza Komunitarioen I. Hitzarmena sinatzea ahalbidetzeko. “Baina aurrekontuak onartu zirenetik 8 hilabete pasa dira eta langileen lan-baldintzak hobetzeko eta zaintza-lanak duintzeko partida gauzatu gabe geratzeko arriskua gero eta handiagoa dela ikusten ari gara. Gure ustez prozesu horretan zehar Arabako Foru Aldundiak funtsezko paper bat izan behar du eta horrela adostu zen Arabako Batzar Nagusietan. Baina hori adosten genuen bitartean, patronala ultimatum bat idazten ari zen”, nabarmendu du Lopez de Arroyabek.