Iruraiz-Gaunako udal gobernuak 2025erako aurrekontuak aurkeztu ditu gaur ogasun batzordean. Guztira, 713.900,53 euro izango ditu, 2024an baino % 11 gehiago. Aurrekontuak onartzeko egutegiak ezartzen duen bezala, orain ekarpenak jasotzeko epea irekitzen da, oposiziotik zein herritarren aldetik, eta, horretarako, datorren asteazkenean, azaroaren 13an, batzar irekia egingo da aurrekontuaren xehetasunen berri emateko.
Aurtengo inbertsio handienetako bat Lanturri zentro soziokulturalean autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa jartzea da, 14.883 eurokoa. Era berean, Udalari eta Iruraiz-Gauna udalerria osatzen duten 11 herriei udal-eraikinak eta hiri-ingurunea garbitzeko eta mantentzeko lanetan lagunduko dien peoi balioaniztun bat kontratatzea aurreikusita dago.
Proposameneko beste berritasunen artean, aipatzekoak dira udalerriko amiantoaren azterketa eta inbentarioa (15.000 euro) eta sortu berri den Lanturri Elkartearentzako dirulaguntza, udalerriko kultura eta kirola dinamizatzeaz arduratuko dena.