AKTUALITATEA


| 2022-06-16 10:46:00

EH Bildu Arabak trantsizio energetikoan premiaz urratsak emateko eta adostasunak bilatzeko deia egin du. Araba Zero Karbono deskarbonizaziorako plana aurkeztu zuenetik urte bat pasa denean egin du deia. Izan ere, EH Bilduren ustez, azken urte onetan “zarata asko bai” baina ez da urratsik eman trantsizio energetikoari dagokionez eta ez da eztabaida politikoa zabaldu oinarri horiek finkatzeko.

Ibon San Saturnino EH Bilduko Arduradun Politikoak gogoratu du azken urte honetan hamar zentral eoliko proposatu direla hainbat tokitan. Horietako bost Eusko Jaurlaritzak berak bultzatu ditu Aixeindarren bitartez eta horietako hiru bertan behera gelditu dira. Iturrieta eta Arkamun Eusko Jaurlaritzak berak baztertu ditu eremu babestuetan kokatuta zeudelako kontrako txosten teknikoak jaso ostean. Orain, AESAk atzera bota du Jarindokoa Forondako aireportuaren eremu babestu aeronautikoan aurreikusten delako. Beste bost ekimen pribatuak tramitatzen ari dira eta seigarren batek ez du tramitazio administratiboa hasi. “Bizirik geratzen diren egitasmoek 201,6 MW biltzen dituzte, egungo parke elikoen birpotentziatzeak lortuko lituzkeenak baino gutxiago”, azpimarratu du San Saturninok.

Eolikoak alde batera utzita, proiektu fotovoltaiko ugari iragarri dira bereziki Arabako Lautadan eta Gasteiz inguruan, bi zentral hidroelektriko itzulgarri eta hiru goi tentsioko linea. Aldiz, efizientzia energetiko arloan ez da ia ezer aurreratu eta eztabaida politiko nagusien tramitazioa - Klima Araba 2050 eta Energia Berriztagarrien Plan Sektoriala- atzeratu egin dira.

Egoera honen aurrean, EH Bilduk gobernuetatik bideratu diren hainbat planteamendu balioan jarri ditu. Alde batetik, Europar Batasunak REPowerUE plana. Bruselak uste du hamarkada honetan 210.000 milioi euro gehiago inbertitu beharko direla berriztagarrietan, energia eraginkortasunean eta azpiegituretan. Kopuru horretatik, 86.000 milioi beharko dira energia berriztagarriak garatzeko.

Beste aldetik, Eusko Jaurlaritza egiten ari den Lurralde Plan Partziala dago. Araba zentralerako egin den aurrerapenean, EH Bilduren ustez, irizpide interesgarri ugari daude adostasunetarako heltzeko. Izan ere, bertan Araba Zero Karbono jasotzen diren proposamen asko planteatzen dira: fotoboltaikoak jartzeko estalkiak lehenestea, existitzen diren azpiegiturak edo inguruak erabiltzea (aparkalekuak, errepideak, ur baltsak…), fotoboltaikoak jarriko diren lekuetan erabilera bikoitzak bilatzea, ingurumen inpaktuak minimoak diren lekuak erabiltzea, azpiegitura berdea errespetatzea, lur emankorrak erabiltzea ekiditea. Plan horrek fotovoltaikoaren alde egiten du modu argian eta eolikoan, dagoenaren birpotentziazioa besterik ez du aurreikusten.

“EH Bilduk Arabarako egindako proposamenetatik gertu eta gure ustez bidea hori da, planifikatzea. Berandu gabiltza eta ezin dugu aukerak galtzen utzi. Ezinbestekoa da bide horretan urratsak ematea eta adostasunak lortzea”, laburbildu du San Saturninok.

Izan ere, EH Bilduren ustez, adostasun maila minimo bat beharko da trantsizio energetikoari heltzeko. Horren adibide jarri ditu aurten abian jarri diren proiektuak. Izan ere, zailtasunak zailtasun Ekian, Ekienea eta Ekiolak proiektuek aurrera egin dute baita herri ekimenak izandakoak. Horien artean, komunitate energetikoak daude eta nahiz eta oztopo administratibo ugari izan eta diru-laguntza gutxi jaso, urte amaierarako 50 bat proiektu martxan egongo dira herrialdean.