AKTUALITATEA


| 2023-04-27 11:43:00

EH Bilduk asmo handiko plan bat bultzatuko du Aretan, enplegua sortzea, industria-guneak berreskuratzea eta aisialdirako zein etxebizitzarako espazio berriak sortzea uztartzen dituena. Lipmesa enpresaren pabiloi zahar abandonatuetan, bai trenbide-pasagunearen eta Altzarrateko zubiaren artean dagoen espazioan kokatuko da. Guztira, TeknoBerrik, 4,2 hektarea izango ditu teknologia berriei lotutako jarduera ekonomiko bat sortzeko, jarduera mistoak dituzten hiriguneetako industria-lurzoruak berreskuratzeko, talentua eta pertsona gazteak Aretara eta Laudiora erakartzeko eta ibai-pasealekua berreskuratzeko, eko-bulebar baten parte bihurtuz.

Laudioko alkategaiak, Ainize Gastakak zehaztu du proiektua. “Lursail horiek guztiak jabetza pribatukoak dira gaur egun, eta ekimen publikoko proiektu bat abian jartzeko beharrezko prozesuak ezartzea da asmoa. Proiektu horretan, hainbat erakundek parte hartu beharko lukete, maila eta arlo askotan. Gure ustez, proiektu aitzindaria da, interes handikoa Europako erresilientzia-planei begira, eta guztiz bat dator Europako agendaren estrategiekin”, Gastakak nabarmendu duenez.

Proposamenak 4 maila ditu, berritzaileak eta Areta eta Laudiorentzat etorkizun hobea bermatzera bideratuak. Lipmesako pabiloi zaharretan, guztira 1.700 km2 dituen eremuan, teknologia berriei, adimen artifizialari, robotikari buruzko prestakuntza-zentro bat egongo da. Gainera, enpresa-hazitegi bat ere izango du. Horien inguruan aisialdirako, kulturarako eta sozializaziorako espazioak sortuko dira, proiektu ekonomikoen eta lurraldearen arteko lotura errazteko. Proiektua osatzeko, espazio zabalak eta anitzak sortuko dira, gazteentzako etxebizitza ekonomiko erakargarriak eskainiko dituztenak. Hori dena balio ekologiko, aisialdi eta zerbitzu handiko espazio atsegin birnaturalizatu batean, eta, Aiaraldea, Bilbo eta Gasteizekin lotura onak dituen gune batean.

Izan ere, proiektuak, gainera, Nerbioi ibaiaren erribera berreskuratu nahi du Areta parean, herritarrentzako erabilera zabalduz eta gaur egun naturak hartzen duen espazioa hedatuz, uholdeen aurrean duen erantzuna hobetuz eta aisialdirako eta kirol osasungarrirako ardatz bihurtuz. «Ekonomia suspertzeko proiektu bat da, bizi-proiektu integral bat eskaini nahi duena, ehunka pertsona bizitzeko modu berri baterantz erakartzeko eta osagai komunitario eta kohesio sozial handiagoarekin lan egiteko aukera ematen duena», gaineratu du Gastakak.

Bestalde, Arabako Foru Aldundirako hautagai Eva Lopez de Arroyabek Arabako 88 industrialdeak biziberritzeko plan bat egiteko beharra azpimarratu du. «Lurzoru industrial asko dugu, eta berraktibatu eta berrantolatu egin behar dugu. Bide horretan, Arabako Foru Aldundiaren zeregina funtsezkoa izango da gune horiek biziberritzeko eta deskarbonizatzeko», azaldu du Lopez de Arroyabek.

Berarekin batera Natxo Urkixo Aiaraldeko zerrendaburua ere egon da. Izan ere, Aiaraldearen kasuan, hamar industria gune daude eta kasu honetan EH Bilduk laborategi ekintzaile kooperatibo bat sortzearen aldeko apustua egiten du. Helburu horrekin, Kuadrillako sektore traktoreen espezializazio eta ekintzaile kooperatiboen beharrei erantzun nahi die EH Bilduk; hala nola,  altzairuaren eraldaketan, beiraren industrian, baso-ekoizpenean, nekazaritza eta abeltzaintzan eta turismoan berrikuntzaren alde egiteko.

Arabako ahaldun nagusi gaiak, gainera, gogorarazi nahi izan du, EH Bilduk eskualdeko suspertze sozioekonomikoan izan duen papera, Eusko Legebiltzarrean ponentzia bultzatuz. Ponentziak 26 milioi euroko inbertsioak ekarri ditu eskualdean, eta epe ertainerako plan estrategiko bat egin du.