Progresibitatea oinarri hartuta, etxebizitza turistikoen karga handitzea eta tasa berria ebaluatzeko mekanismoak ezartzea proposatu du EH Bilduk foru arauari egindako emendakinen artean
Araba. 2026-05-07 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak emendakinak aurkeztu ditu gaur egonaldi turistikoen gaineko zergari buruzko Foru Arau proiektua hobetzeko. Talde subiranistak progresibitatea eta masifikazioaren prebentzioa izan ditu ardatz bere ekarpenak egiteko garaian.
EH Bildu Araba batzarkide taldearen aburuz, tasa turistikoa berandu dator, bereziki gobernuko bazkideen, hau da, EAJren eta PSEren arteko desadostasunengatik. Baina zorionez, Araban inguruko lurraldeetan baino eragin txikiagoa izan du turismoak orain arte. «Gipuzkoan eta Bizkaian sortutako arazo larriak ekidin nahi baditugu, tasa turistikoa oso tresna lagungarria izan daiteke helburu hori lortzeko», adierazi dute taldetik.
Hala, EH Bilduk begi onez ikusten du tasa, «baina badago tartea hobetzeko, eta horretara datoz gure zuzenketak, Foru Aldundiaren proiektua hobetzera. EH Bilduren aldetik, beti bezala, negoziatzeko eta adosteko prest gaude, foru arauak “ezkerretara” begiratu dezan».
EH Bilduk uste du tasa berriak lan eta erantzukizun berriak ekarriko dizkiela udalei, «kontuan hartuta udal askok dauzkaten muga objektiboak, hala nola langile plantilla oso txikiak edota finantzazio eskasa, ezinbestekoa da Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak udalei tasa berriaren ezarpenean laguntzea eta instituzio arteko koordinazioa aregotzea, lan batzuk bitan ez egiteagatik».
Horrekin batera, etxebizitza turistikoen tasa handitzea proposatu du EH Bilduk. Haien ustez, etxebizitza horiek «oso eragin negatiboa daukate etxebizitzaren merkatuan eta turistifikazio masiboa eragiten dute. Eragin txar hori ekidite aldera, euren tasa 5 izarreko hotelen parekoa eskatzen dugu».
Bestalde, Foru Gobernuaren proposamenean 5 egunetan ezartzen da egonaldien batez bestekoa, eta proposatzen du tasa ez aplikatzea hortik aurrerako egonaldietan; aitzitik, EH Bilduk uste du progresibitatearen aurkakoa dela muga hori: «Egia bada ere batez besteko egonaldiak foru aldundiak ezartzen duen muga horretan mugitzen direla, uste dugu planteamendu hori fiskalitatean beti funtsezkoa den progresibitatearen printzipioaren kontrakoa dela, beraz, muga hori ezabatzea eskatzen dugu.
Azkenik, EH Bilduk uste du Legebiltzarrak onartu behar duen Turismoaren Legeak atzerapen handia daramala, eta horrek argitu beharko dituela funtsezko kontzeptu batzuk, adibidez, turismo intentsitate kontzeptua; beraz, baliteke lege horren onarpenaren ostean errebisatu behar izatea foru araua. Horretarako, zerga berri hau ebaluatzeko neurriak ezartzea proposatu du talde subiranistak.