AKTUALITATEA


| 2024-06-02 12:00:00

Gaur goizean Bastidan egindako ekitaldian, Oskar Matute EH Bilduko Kongresuko diputatuak herrien arteko elkartasuna eta askatasuna aldarrikatu ditu, ultraeskuina geldiarazteko funtsezko elementu gisa. «Gure herriaren askatasuna ere bada Europan bide erreakzionario, eskuindar eta atzerakoiei aurre egitea. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko bidea Europatik ere bultzatu beharra daukagulako. Europan Pernando Barrena Euskal Herriaren enbaxadore lanetan aritzea funtsezkoa zaigu. Gure askatasuna gainontzeko herrialdeekiko elkartasunean ere oinarritzen delako. Eta elkartasun hori, lehenik eta behin, antifaxismoan duelako elkargunea. Beraz, ultraeskuinari oinak gelditzea, askatasunaren aldeko egitatea da».

Ildo horretan, Matutek gogorarazi du Europan bertan etengabeko eskalada militarraren intentsitatea handitzen ari dela. «Ukrainara armak bidali dituzten herrialdeak Errusian armak eta bonbak erabiltzeko baimena iragartzen ari dira. Erokeria hori gelditu egin behar dugu, tentsionamendu horren alternatiba bakarra gerra hori gogortzea eta bere eremua zabaltzea izango baita, eta horren irtenbide bakarra elkarrizketa eta negoziazio diplomatikoa izango dira».

 Bastidan egindako ekitaldian, Eva Lopez de Arroyabe Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramailea ere izan da, eta Euskal Herria eta herri honen balioak Europako Parlamentuan ordezkatuta egotea beharrezkoa dela berretsi du: «Europak ezkerreko euskal subiranismo eta independentismoaren beharra dauka. Balore eta printzipio argiak ditugulako, baina, batez ere, gure hitza betetzen dugulako. Alderdi interesen gainetik, beti, herri honen interesak jartzen ditugu. Lehenik herria». Ildo horretan, Lopez de Arroyabek ziurtatu du EH Bilduk denbora daramala lanean herri proiektu bat eskaintzeko eta elkarguneak bilatzeko: «Politika konbentzionala alboratu eta herri honen zerbitzurako politika egitea dagokigu. Horretarako, banatzen gaituzten kontuetqn baino batzen gaituztenetan bat egin behar dugu. Horren adibide garbia da Orain Errepublikak, estaturik gabeko nazioon interesak eta herritarren eskubideak defendatzeko elkargunea baita. Elkarrekin indartsuagoak gara».

Azkenik, Batzar Nagusietako bozeramaileak esan du beharrezkoa dela ultraeskuina geldiaraztea, boto feminista eta antifaxistaren bidez. «Nazkatuta gaude ultraeskuindarrek eta haien beso mediatiko eta judizialek seinalatu, mehatxatu, hertsatu eta erasotzeaz. Hori guztia da datorren igandean jokoan duguna ere, eta horri guztiari jarri behar diogu galga. Horretarako funtsezkoa da EH Bilduren boto feminista eta antifaxistaren mobilizazioa», adierazi du.