AKTUALITATEA


| 2022-03-10 11:00:00

EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa erregistratu du gaur Batzar Nagusietan, gazte eta nerabeen osasun mentala zaintzeko premiari buruz.

Zehazki, EH Bilduk Osakidetzari eskatu dio psikologo klinikoen kopurua handitu dezala, gazteen artean gero eta maizago detektatzen diren arazo mentalak behar bezala artatzeko. Horrekin batera, Arabako Gazteriaren Foru Erakundeari eskatu diote heziketa emozionala lantzeko eskola-programa abiatzea datorren ikasturtean bertan, ikasleek osasun mentala zaintzeko estrategiak eta teknikak garatzeko aukera izan dezaten.

Xabi Valdor EH Bildu Arabako batzarkideak adierazi du COVID-19aren pandemiak areagotu egin dituela gizartean aldez aurretik zeuden arazoak, eta horien artean nabarmentzekoa da pertsonen osasun mentala, bereziki gazteen artean. «Gazteen bizitza espektatiba falta, lan baldintza prekarioak, indibidualismoa eta harreman sozialik eza edota gorputz eredu normatiborako presio soziala» aipatu ditu Valdorrek sakoneko arazo gisa, eta horiek guztiak areagotu egin dituzte pandemiak sortutako ezinegonak eta beldurrak.

Valdorrek datuak ere eman ditu, horren guztiaren adierazle: «Osakidetzan, 5,7 psikologo daude 100.000 biztanleko, eta horrek zaildu egiten du biztanleek psikologoarekin zita hartzea, eta are gehiago maiztasun finko batekin terapia jasotzea». Horrek eragiten du jendeak terapeuta pribatuetara jotzea, baina arazoa da «askok eta askok ez dutela psikologo pribatua ordaintzeko aukerarik», Valdorren esanetan.

Horregatik, EH Bildu Arabak prebentzio neurriak hartzea proposatu du, hala nola osasun mentalari lotutako zerbitzuak indartzea eta eskola ingurunean detektatze goiztiarra indartzea. «Argi dago ezin garela ezer egin gabe geratu, oraingo eta etorkizuneko gizartea guztiz hipotekatzen ari baikara», amaitu du Valdorrek.