AKTUALITATEA


| 2024-09-19 07:58:00

Gizarte Politiketako diputatuari galdetu dio familiek ordainketak aurreratu behar ez izateko hartuko dituen neurriei buruz

Araba. 2024-09-19 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak hainbat galdera erregistratu ditu gaur Gizarte Politiketako diputatuari zuzenduta, jakiteko zer neurri hartuko dituen Aldundiak, arreta goiztiarreko kalitatezko zerbitzua jaso ahal izateko izapideak arintzeko.

Arreta goiztiarra 6 urtetik beherakoei zuzendutako esku-hartze multzo bat da, eta bere helburua da garapenean nahasmenduak dituzten haurren premia iragankor edo iraunkorrei ahalik eta azkarren erantzutea.

EH Bilduk behin baino gehiagotan salatu du landa eremuan zerbitzu horretara joateak dakarren diskriminazioa, familiek zerbitzuaren ordainketa aurreratu behar dutelako. Ondoren, Aldundiak familiek aurreratutako dirua ordaindu behar izaten dute, baina itxaronaldia luzatu egiten da familiek ordainketak pilatzen dituzten bitartean. Beste kasu batzuetan, arreta ematen duen kabineteak berak aurreratzen du dirua, baina kabineteek arazo bera dute: Aldundiak ez du dirua itzultzen.

Arazoak bere horretan jarraitzen du, nahiz eta, eta EH Bilduren hainbat ekimeni erantzunez, Gizarte Politiketako diputatuak iragarri zuen 2024an arreta goiztiarreko deialdi espezifiko bat argitaratuko zela, Arabako landa-eremuko erabiltzaileen eta Gasteizko kabineteetara joaten direnen arteko diskriminazio-tratua ezabatzeko. Gainera, diputatuak iragarri zuen landa-eremuko kabinete baimenduetan arreta goiztiarreko saioak kontzertatzeko araudia egingo zela. Bi neurri horien bidez, familia eta kabineteek saio horietarako aurreratutako dirua berreskuratzeko zailtasunak eta gabeziak konpondu nahi zituzten.

Iragarpen horiek gorabehera, EH Bilduk salatu du egoerak berdina izaten jarraitzen duela, eta horregatik galdetuko dio diputatuari, kontrolerako osoko bilkuran, Landa Eremuan kokatutako kabinete baimenduetan arreta goiztiarreko saioak hitzartzea arautzeko departamentua ematen ari den pausoez. Horrekin batera, EH Bilduk jakin nahi du zein neurri ezarriko diren Aiaraldeko kabinete baimenduetara joaten diren familia eta hornitzaileen ordainketa azkarra eta arina izango dela bermatzeko.

Claudia Venceslao EH Bilduko Arabako batzarkideak azaldu duenez, arazoa ez da inola ere konpondu, eta adingabeek eta haien familiek ez dute zertan diskriminazio hori jasan: «Aiaraldeko familiek eta kabineteek urteak daramatzate Aldundiak hutsune horiek konpontzeko zain. Landa-eremuan bizitzeak ez du esan nahi zerbitzu gutxiago edo tratu diskriminatzailea izan behar denik. Adingabe horiek hazteko ezinbestekoak diren saioez ari gara».