AKTUALITATEA


| 2024-09-13 08:08:00

Araba. 2024-09-13 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Ahaldun Nagusia interpelatuko du datorren urriaren 2ko kontrol saioan Arabako Errioxan plan estrategiko bat «premiaz» ezartzeko beharraz, eskualdeko mahastizaintza eta ardogintza sektoreak bere egoera «jasanezina» dela adierazi ondoren.

Arabako Errioxako mahats-bilketa hastear den honetan, Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak adierazi duenez, «eskualdean bizi den egoera kritikoak hobera egin baino, okerrera egin du urteek aurrera egin ahala»: «Datuek erakusten dute egoera oso zaila dela: azken 10 urteetan 96 upategi desagertu dira, guztien % 27, eta 206 mahastizain, % 7. Horrek erakusten du eskualdeko krisia egiturazkoa dela. Mahatsaren prezioak oso doituak dira, ekoizpen-gastuak handitu egin dira eta kostuak estaltzea ez da beti bermatzen, hektareak pilatzen jarraitzen duten upeltegi handiekin egindako kontratuen ondorioz, mahatsa ekoizten dutenen merkatua eta bizitza baldintzatuz».

Horregatik, Lopez de Arroyabek honako hau adierazi du: «Premiazkoa da lurraldean hausnarketa politiko eta sektorialari ekitea, eskualde honetan bizi direnei egonkortasun ekonomikoa bermatuko dieten konponbideak bilatzeko, lurraldea kohesionatzeko eta bertan bizi eta lan egiten duten pertsonei zein hurrengo belaunaldiei etorkizun duina eskaintzeko balioko dutenak».

EH Bilduk uste du egungo ereduak porrot egin duela eta instituzioek ez dutela egiturazko konponbiderik eskaini, unean uneko laguntzez aparte, hala nola destilaziorako edota uzta berdea egiteko.

Kontroleko osoko bilkura

Lopez de Arroyabek gogorarazi du urtebete igaro dela EH Bilduk Ahaldun Nagusiari antzeko ekimen bat proposatu zionetik, 2024an joera hori gelditzeko eta eskualdea biziberritzeko aurreikusita zituen neurriengatik, «baina bere erantzuna ez da gauzatu, eta errealitatea da Foru Gobernuak ez duela eskualdean bizi eta ardoa ekoizten dutenen aldeko apusturik egiten, datozen asteetan mahatsa biltzen hastear direnean».

Hori dela eta, EH Bilduk interpelazio bat aurkeztu du hurrengo kontrolerako osoko bilkurarako, Ahaldun Nagusiari azalpenak eskatzeko Arabako Errioxan gero eta handiagoa den ezinegona iraultzeko hartuko dituen neurriei buruz, bai Aldunditik, bai mahastizaintza eta ardogintza sektorearen egoera eta, oro har, Arabako Errioxako herritarren bizi-baldintzak hobetzeko eskumenak izan ditzaketen gainerako erakundeetatik.