AKTUALITATEA


| 2024-09-17 10:14:00

Energia-kontsumoa murrizteko elektrifikazioan jarri du arreta taldeak, despopulazioari aurre egiteko eta Araba kohesionatzeko neurriak proposatzearekin batera

Araba. 2024-09-17 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak Arabako mugikortasun jasangarriko 2025-2034 plan proiektua hobetzeko aurkeztu dituen 43 alegazioen berri eman du gaur, Mugikortasunaren Europako Astearekin bat egin duen prentsa-agerraldian.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak gaiaren estrategikotasuna nabarmendu du, eta adierazi du EH Bilduren ustez egin beharreko trantsizio ekosozialean mugikortasunak ezinbesteko garrantzia duela: «Asko hitz egiten da energia berriztagarriaren beharrezko hedapenaz, baina ez dugu ahaztu behar energia garbia ekoiztea bezain garrantzitsua dela gure kontsumoa murriztea. Eta garraioa eta mugikortasuna energia gehien kontsumitzen duen sektoreetako bat da: Euskal Herriaren kasuan, energiaren kontsumoaren % 42 garraioari dagokio».

«EH Bilduren energia estrategian erronka gisa hartzen dugu 2045erako energia kontsumoa % 50 murriztea. Mugikortasunaren eta garraioaren arloan, murrizketa hori elektrifikazioan datza, garraio-mugikortasun desberdinak sortzean, mugikortasuna eskubide gisa ulertzean, garraio publiko eta kolektiboa bultzatzean eta trafiko astunarentzako alternatibak bilatzean», esan du bozeramaileak.

«Oro har, planteatzen dugu herrialde honetako edozein mugikortasun-planek aldiriko tren bat jaso behar duela. Horrez gain, bizikleta egunerokotasunerako garraiobide gisa erabiltzearen aldeko apustua egin behar du eta nazio ikuspegia bermatu behar du, ondoko eskualdeekin lotura bermatuz». Lopez de Arroyaberen esanetan, garraioa eta mugikortasuna tresna eraginkorrak izan daitezke Araban despopulazioaren aurka borrokatzeko eta beharrezkoa den lurralde-oreka jorratzeko. «Hori guztia garraio-sistema publiko eraginkor batekin, tarifa eskuragarriekin, informatizatua, bateratua eta partekatutako garraio-eredu berriak erabiliz»

Bost multzo

Xabier Valdor batzarkideak eman du EH Bilduk egin dituen alegazioen berri, bost multzotan banatuta. Horien artean, elektrifikazioa nabarmendu du, non aldiriko trenaren aldeko apustua egiten den. Horrekin batera, bizikletaren erabilera areagotzeko segurtasuna bermatzea, sarea zabaltzea eta intermodalitatea sustatzea ere proposatu du EH Bilduk.

Valdorren esanetan, mugikortasunak nazio-ikuspegia ere hartu behar du kontuan, Arabak Sakanarekin eta Lizarraldearekin dituen harreman naturalak aintzat hartuta, eta Trebiñu ere sartu du ekuazioan: «Edozein mugikortasun planak Trebiñu bere osotasunean hartu behar du soluzio eraginkorrak emateko, eta EH Bildutik ildo horretan egin ditugu ekarpenak». Tarifa sisteman ere egokitzapenak proposatu ditu EH Bilduk, ordainketa sistema bakarra eta unibertsala ezarrita herrialde guztietarako, erabileraren araberako deskontuekin.

Horrekin batera, planak Arabaren kohesioari mesede egin behar diola esan du Valdorrek, baita despopulazioari aurre egin ere. Ildo horretan, Añanan eta Mendialdean, hau da, despopulazioak gehien kaltetutako eskualdeetan, maiztasunak handitu behar direla adierazi du Valdorrek, izan ere, «biztanleria eta herrien dispertsioa ezin da aitzakia bat izan kalitatezko zerbitzu publikoak ez eskaintzeko».

Azkenik, hamarraldi oso baterako izanik, plana «dinamikoa» izatea proposatu du EH Bilduk, bost urte barru berrikusi, errealitate berriak kontutan hartu eta egokitzapenak proposatzeko. EH Bilduk alegazio horiek aurkeztu ditu «modu irekian, adostasunetara iristeko asmoz». «Gure mugikortasuna, gure kohesioa dago jokoan dago, eta horixe da herrialdeko erronka nagusietako bat», amaitu du Xabier Valdorrek.