AKTUALITATEA


| 2024-09-27 08:21:00

Aguraingo osoko bilkurak ontzi arinak birziklatzeko Jundizko instalazioaren kudeaketa publikoa bultzatzeko azterketa egitea eskatu du. Era berean, Diputazioari eskatu dio hondakinen biltegiratze eta itzultze sistema integrala (SDDR) ezartzeko plan pilotu bana garatzea Lautadan, herri tipologia ezberdinei erreparatuta.

Izan ere, Jundizko planta 2012tik UTE batek kudeatzen du, eta aurten amaituko da esleipena. Instalazio hori, FCC eta Yarritu enpresek osatzen duten UTEak kudeatzen du, eta enpresa honen fakturazioa bildutako ontzi kopuruaren araberakoa denez, zenbat eta plastikozko ontzi gehiago bildu, orduan eta etekin handiagoak izango ditu enpresak.

Baina hori ez da hondakinak kudeatzeko modu egokia. Europatik ezartzen da hondakinak tratatzeko ekintzen hierarkia: horrela, prebentzioa lehentasunezkoa da, eta azpitik datoz berrerabiltzea eta birziklatzea, adibidez. Beraz, plastikozko ontzi arinak biltzea ezin da etekin ekonomikoen menpe egon, ontzi horiek murriztea lehentasuna izan beharko litzatekeelako.

Kudeaketa publikoa

Hala, Aguraingo Udalak onartu duen mozioak Jundizko instalazioaren kudeaketa publikoa izateko azterlanak egitea proposatu du. Kudeaketa publikoa izanda, funtzionamendu hobea eta eraginkorragoa izango du instalazio honek, eta hori da bidea hondakinak murriztu, berrerabili eta birziklatzeko, eta Europatik datozen irizpideak Araban ere betetzeko. Halaber, EH Bilduk Diputazioari eskatu dio SDDR sistema bultzatzea: Biltegiratze eta itzultze sistema integralak (SDDR) erakutsitako emaitza bikainak balioan jarri behar dira. Balio ekonomiko bat lotzen zaio ontzi bakoitzari, kontsumitzaileak saltokietara itzul dezan sustatzeko, gaikako bilketa bultzatuz.

Arabako Hondakinen Planean jasota dago ontzi eta plastiko kopurua murriztu behar dela, eta prebentzio neurriak hartu behar direla, baina argi dago planean jasota dauden helburuak lortzetik oso urrun gaudela.