AKTUALITATEA


| 2024-04-17 15:16:00

EH Bilduren gaurko Arabako kanpainako ekitaldi nagusia Oionen izan da gaur, eta bertan parte hartu dute Mikel Otero eta Eva Lopez de Arroyabe Eusko Legebiltzrarerako hautagaiek.

Mikel Oterok Oionen udal-hauteskundeetan izandako aldaketa ipini du apirilaren 21eko hauteskundeen ondoren etorriko den aldaketaren aurrekari gisa, eta esker oneko hitzak izan ditu urteetan Oionen lanean aritu diren EH Bilduko kideekiko.

Ildo horretan, aldaketari beldurra zabaldu nahian dabiltzanak ere izan ditu hizpide, eta oztopo guztien gainetik, EH Bilduk lanean segiko duela esan du. «Batzuen neurrigabeko erasoek aldaketa politikoari dioten beldurra erakusten dute. Baieztatu egiten dute posible dela. Herri hau martxan dagoelako. Oztopoak oztopo, herri hau mugitzen ari da. Ilusioa ez dadila beldurraren mende egon! Egin irribarre», eskatu die Oterok Oionen bildutako lagunei.

Vitero osasungintzaz

Gasteizen, osasungintzari buruzko solasaldi batean bildu dira Rocio Vitero eta Naroa Hernandez legebiltzarrerako hautagaiak. Viterok Osakidetza berriz zutik jartzeko EH Bilduk duen proposamenaz jardun du: «Osakidetza zutik jartzeko proposamenak ditugu, baita horiek gauzatzeko konpromiso irmoa ere. Bada garaia azken urteotan funtsezko zerbitzu honetan eman den pribatizazioarekin eta prekarizazioarekin amaitzeko. Osakidetzan kalitatezko arreta publikoaren alde lan egingo dugu. Osasuna da gure lehentasuna, eta hori horrela izaten jarrai dadila bermatu behar dugu, pertsonengan oinarritutako osasun-sistema publiko baten alde eginez».

Hala, apirilaren 21ean EH Bilduri bozka emateko deialdi egin du, Osakidetzaren egoera iraultzeko: «Eta hori da gure konpromisoa ere igande honetako hauteskundeei begira. Jendearen benetako kezkak politika publikoen erdigunean jarriko ditugu. Orain arte bizi izan dugun Osakidetzaren desmantelamenduaren aurrean, EH Bildutik gertatutakoa iraultzera gatoz, osasun-sektoreko profesionalekin egindako proposamen serioen bitartez. Izan ere, Pello Otxandianok berak dioen bezala, "hala eta guztiz ere, herri hau mugitzen jarraitzen da eta gizarte eta etorkizun hobe bat eraikitzeko borondatea adierazten du". Osakidetza berriro martxan jartzeko aukera dugu, egin dezagun posible! Apirilaren 21ean bozkatu Euskal Herria Bildu!».