AKTUALITATEA


| 2022-10-17 10:26:00

Araba. 2022-10-17 | EH Bildu batzarkide taldeak mozio bat aurkeztu du Foru Aldundiari eskatzeko Legardagutxiko errota historikoa txukuntzeko, inguruneari buruzko panel informatiboekin eta parke txiki bat sortuta.

«Molinero, molinerito, molinero de Legardagutxi…» abestiari esker, lekuari buruzko erreferentzia bat dute gaur egungo gasteiztarrek; izan ere, lekua oso ezaguna zen Gasteiz eta inguruko herritarren artean, bertara joaten baitziren arrantzara, bainatzera edota bertako merenderoan zerbait jatera. Afredo Donnayren abestiak dio errotaria zaharra zela abestia egin zenean, eta errota utzia zuten 1960. urterako. Horrez gain, Legardagutxi herria ere inguru hartan zegoen. Gaur egun, eremu hutsa da, herria 1802. urtean desagertu baitzen.

Errota eta herria gogoan hartuta, Kike Fernandez de Pinedo EH Bildu Araba batzarkide taldearen bozeramaileak ingurua berreskuratzeko beharra nabarmendu du, errotan indarra ipinita: «Egun, hainbat horma eta elementu gorde eta ikus daitezke oraindik. Beraz, interesgarria izango litzateke geratzen diren egiturak saneatu eta mantentzea, eta era berean, aztertzea 1993 urtean Paquita Saenz de Urturik eta Ainhoa Dominguezek bertan egindako indusketak osatzeko aukera».

Kontserbazio Bereziko Eremua

Hori dela-eta, Zadorrako bide berdean adar bat egitea eskatu du mozioan: bideak Gasteizko eraztun berdea Langraitzekin lotzen du, eta Krispiña eta Billodas lotzen duen zatia baino ez da falta bukatzeko. «Kontuan izanik Legardagutxitik 50 metrotara igarotzen dela bide berdea, oso aukera interesgarria izango litzateke zati hau egiten denerako adar bat egitea Legardagutxiraino, errotako aztarnak ikusteko bere historia jasotzen duen kartela jarriz, Zadorra ibaibazter honetaz gozatzeko, eta parke txiki bat sortzeko aukera aztertuz», adierazi du Fernandez de Pinedok. Gainera, Zadorra ingurua Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremua da, eta komenigarria da ingurunea babestea eta txukuntzea.

Mozioan eskatzen dena kontuan hartuz, honako erakunde eta sailen parte-hartzea eskatu du Fernandez de Pinedok: Foru Aldundiaren Ingurumen eta Kultura sailak, haiei dagozkielako lanak, Lermandako batzar administratiboa, Legardagutxi bere eremuan baitago, eta Gasteizko Udala, Lermanda bere eremuko kontzejua delako. «Proiektu honetan inplikatutako erakunde eta sailen arteko elkarlana beharrezkoa da», amaitu du Kike Fernandez de Pinedok.